Elizak Donostian bi ondasun ditu immatrikulatuta
Espainiako Gobernuak joan den astean argitaratu zuen Elizak 1998tik 2015era immatrikulatu zituen ondasunen zerrenda: Espainiako Estatu osoan 34.916 daude. Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) da halako ondasun gutxien dituen autonomia erkidegoa (88), eta Donostian bi daude: Antiguako San Sebastian Martir eliza eta Martuteneren eta Loiolaren artean dagoen Hipika bideko 91. zenbakiko lursaila, bere garaian parrokia bat zuena. Eldiario.es hedabideak aipatu zerrendako datuak hartu ditu eta bilatzaile bat osatu du, eta hortik atera du informazioa hedabide honek.
Ondasun immatrikulatuak Eliza katolikoak 1998tik 2015era bere jabetzako ondasun gisa erregistratu zituenak dira, jabetza eskubidea justifikatu behar gabe. Hau da, Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuko presidente ohiak errege dekretu bidez ezarritako hipoteka araudiaren moldaketaren ondorioz, Elizak estatu osoko 34.916 ondasun bere jabetzakoak egin zituen, soilik ondasun horiek aipatzen zituen gotzaindegiaren dokumenturen bat aurkeztuta. Kasu esanguratsu batzuk daude, hala nola, Kordobako meskita (Andaluzia): Elizak 2006an immatrikulatu zuen, soilik 30 euro ordainduta.
Zerrenda argitaratuta, partikularrek ondasunen jabetzarengatik erreklamazioak aurkeztu ditzakete, ondasun horiekiko eskubideak dituztela uste badute.