Greba egin dute Gipuzkoako zahar etxeetako langileek, eta hitzarmena lortu arte borrokan jarraituko dute
247. greba eguna izan dute gaur Gipuzkoako zahar etxeetako langileek, eta hitzarmen duin bat lortu arte borrokan jarraituko dutela adierazi dute. Duela hiru bat urte egin zuen eztanda langileen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko gatazkak, sektoreko langileen eskakizunei uko egin baitzien aldundiak. Bestalde, azken egunotan egoiliarren atentzio ratioa %10 igo dela adierazi du Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuak, baina sindikatuek azpimarratu dute ratioen igoera hau ez dela izan langile gehiago kontratatu dituztelako, baizik eta 450 ohe inguru libre utzi dituztelako, pandemiaren laugarren olatu hipotetiko bati aurre egiteko.
LAB eta ELA sindikatuek Maite Peñaren adierazpenak kritikatu dituzte, eta erresidentzietako langileek oraindik “izugarrizko karga fisiko eta emozionala” dutela adierazi dute. “Nahiz eta ratioak gora egin, lan kargek eta lan erritmoak gora egiten jarraitzen dute”, dio Leire Ormazabalek, LABeko ordezkariak. Janire Diazek, ELAko ordezkariak, gaur egungo ratioa pandemiaren aurrekoa baino txikiagoa dela azpimarratu du.
Gatazka datuetan
Erresidentzietako langileen hitzarmena 2012tik ez da aldatu, eta horregatik hasi ziren langileak borrokan duela hiru urte inguru. Gipuzkoako Foru Aldundiaren ezezkoak direla eta, grebara joan ziren langileak, eta ordutik 247. greba eguna izan da gaurkoa. Bestalde, ratioak, hau da, egoiliar bakoitzeko dauden langile kopurua, ez dira 2006tik aldatu. Nazkatuta daudela adierazi dute sindikatuko ordezkariek, eta hitzarmena sinatu arte borrokan jarraituko dutela adierazi dute. “Zer gehiago egin behar dugu hitzarmena lortzeko? Eta lan baldintza hobeak izateko?”, dio Leire Ormazabalek.
Hurrengo datak
Borrokaren berreste hori dela eta, martxoaren 30ean ere greba egingo dutela adierazi du Ormazabalek, eta gogorarazi du zaintza arloko langileek ere greba egingo dutela martxoaren 4an.