San Bartolomeko merkataritza gunearen proiektua ez onartzeko eskatu dute Dendartean eta Ba Gera elkarteek
Ba Gera eta Dendartean merkataritza elkarteek alegazioak aurkeztu dizkiote San Bartolome muinoko Plan Bereziari, proiektuak aurreikusten duen merkataritza gunea ez egiteko eskatuz. Hain zuzen, salatu dute proiektuak ez duela mendi magala paisaian integratzen, eta merkataritza guneak Erdialdeko saltoki txikiak kaltetu ditzakeela.
Salatzaileen ustez, magalean aurreikusten diren beirazko egiturek ez dute magalaren integrazioa lehenesten, merkataritza gunearen barrualdea ikustea baizik. Ildo beretik, aireztatze sistema magalean jartzearen aurka ere agertu dira, eta gogoratu dute mendi magala eta San Bartolomeko komentu zaharraren fatxadaren eta elizaren inguru gisa egokitu behar dela, aipatu elementuak Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Berezian (EHOBPB) jasota daude eta.
Era berean, merkataritza guneak inguruko saltoki txikientzako izan ditzakeen kalteak salatu dituzte elkarteek. Hain justu, azpimarratu dute Metroaren geltokia hain gertu egoteak merkataritza gunean kontsumitzea sustatuko lukeela. Bestalde, nabarmendu dute San Bartolomeko planean ez dutela aztertu proiektuak inguruko merkataritzan izan dezakeen eragina.
Proiektuak San Bartolomen aurreikusten duen aparkalekua ere kritikatu dute, elkarteen ustez ez baita beharrezkoa. Era berean, auzoko kutsadura areagotuko lukeela salatu dute, eta aparkalekuko plazak saltzea legez kanpokotzat jo dute.
Aste honetan, Erdialdeko bizilagunek ere San Bartolomeko proiektua salatu dute, herritarren bizi kalitateari eragingo diola ohartaraziz.
Udalaren erantzuna
Hedabide hau udalarekin harremanetan jarri da alegazioen inguruan galdetzeko, eta udaleko iturriek nabarmendu dute proiektua EH Bildu udal gobernuan egon zen legealdian diseinatu, bultzatu eta onartu zela, hiru atal nagusirekin: “Etxebizitza garapena, garapen komertziala eta parking publikoa eta pribatua”. Horretaz gain, zera gaineratu dute: “Proiektu horren garapena gauzatzen ari dira udala eta enpresa sustatzailea. Behin onartuta, ez dago bestelakorik egiterik. Operazioa sustengatu ahal izateko hiru elementuak beharrezkoak dira, bestela bere iraunkortasun ekonomikoa auzitan jarriko bailitzateke”.