"Unibertsitateko jardun politikoaren aurkako erasoak" eta "langile sektoreen gaineko kontrola" salatu dituzte Ibaetan
Bart gauean EHUk Ertzaintza unibertsitatera sartzea ahalbidetzea “askatasun politikoen aurkako eraso” gisa izendatu du UIB Unibertsitateko Indar Batasunak, eta hau salatzeko manifestazioa egin dute 300 pertsona inguruk 13:00etan Ibaetako campusean. Eraso hauen aurrean “azpiegituren gaineko langile sektoreen kontrola” defendatzen jarraituko dutela adierazi dute, eta kontrol sozialarekin eta errepresioarekin amaitzea eta askatasun politikoak bermatzea eskatu dute.
Manifestazioa amaitzean Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean sartu dira ikasleak, eta eserialdia egin dute langile sektoreen kontrolpeko espazio politikoak aldarrikatzeko. “Ertzaintzaren zein unibertsitateko burokraziaren” erasoen aurrean langileriak unibertsitatean bizitza politikoa garatzeko askatasuna defendatzen jarraituko dutela adierazi dute, eta dekanotza eta errektoretza estutzen jarraituko dutela ohartarazi dute. Hau dela eta, datozen asteetan deialdi ezberdinei “adi egotea” eskatu diete bertaratutako ikasleei.
Gertakariak
Astelehen honetan, UIBko ikasleak EHUren Ibaetako campuseko Zorroaga aretoan sartu ziren, Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen eta Psikologia Fakultatearen artean. “Lan politikoa egiteko azpiegituren” falta azpimarratu zuen UIBk, eta espazioaren hartze hau “dekanotzaren jarrera pasiboari” aurre egiteko egin zutela adierazi zuten. Asteartean EHUko errektoretzarekin bilera izan zuten UIBko ordezkariek, eta bertan errektoretzako ordezkariek ez zuten “inolako eskaintzarik” egin. Horrez gain, hitz egiten jarraitu ahal izateko beranduenez asteazkeneko 21:00etan Zorroaga aretotik atera behar zirela esan zieten errektoretzako ordezkariek. Jardun politikoa egiteko espaziorik bermatzen ez zietenez, Zorroaga aretoan geratzea erabaki zuten, eta EHUk Ertzaintzari sartzeko baimena eman zion. 22:30ean Ertzaintzak aretoa hustu eta bertan zeuden ikasle guztiak identifikatu zituen.