Donostia zeharkatuko du 2021eko Euskal Herriko Itzuliaren bosgarren etapak
Euskal Herriko Itzuliak 2021eko lasterketaren ibilbidea aurkeztu du, bosgarren etapan Donostia zeharkatuko dute lehen mailako txirrindulariek. Hondarribian hasiko da etapa, eta Ondarroara izango dute helmuga. Hirugarren mailako hiru mendate igo beharko dituzte etapa honetan, eta tarteko bi sprint egongo dira, baina azken 25 kilometroak lauak izango dira. Hau dela eta, tropeleko gizon azkarrenek etapa eramateko aukerak izango dituzte, nahiz eta ihesaldi indartsu batek ere aukerak izan ditzazkeen ere.
2021eko Itzulia
Bilbon hasiko da 2021eko Euskal Herriko Itzulia, 14 kilometroko erlojupeko batekin. Bigarren etapan ezkerraldean ibiliko dira txirrindulariak, Zallan hasi eta Sestaon amaituko baita etapa. Hirugarren etapan iritsiko da lehen mailako lehenengo mendatea, Ermualde portuan (Laudio) amaituko baita Amurriotik abiatuko den etapa. Laugarren etapa ere gogorra izango da, Erlaitz igoko baitute Irun-Oiartzun zentzuan. Lehen esan bezala, bosgarren etapa izango da Donostiatik pasako dena, eta azken etapan Arrateko (Eibar) igoera klasikoa egingo dute, Ondarroatik hasita.
Aurten egin behar zuten lehenengoz Emakumeen Itzulia, baina egoeraren zailtasuna dela eta bertan behera utzi dute. Hala ere, Donostiako Klasika gizonezkoena eta emakumezkoena izango da aurten ere.