Egiako hamazazpi eragile, Aldakoneako hirigintza proiektuaren aurka
Egiako hainbat eragile haserre agertu dira udalak eta Kutxa Fundazioak Aldakoneako eta Altzako Eraikuntza Institutuko hirigintza proiektuak lotu dituztelako. Salatu dute Altzan etxebizitza babestuak eraikiko dituztela, eta, Egian, berriz, gehienak libreak izango direla.
Egia Bizirik auzo elkarteak eta auzoko beste hamasei eragilek alegazioak aurkeztu dituzte udalean, Kutxa Fundazioak eta Donostiako Udalak Aldakoneako hirigintza proiektuaren inguruan sinatutako akordioaren aurrean. Hain zuzen, lursailean eraikiko dituzten etxebizitzak babes ofizialeko alokairukoak izateko, eta gaur egun Osalan enpresak erabiltzen duen San Antonio klinika zaharraren eraikina babesteko eskatu dute. Era berean, udalak prozesu guztian zehar izandako gardentasun falta salatu dute. Horren harira, udalak auzo elkarteari erantzun dio proiektuaren planoak argitaratuko dituztela, eta orduan, berriz irekiko dutela errekurtsoak jartzeko epea. Alegazioen sinatzaileak Egia Bizirik, Aitor ikastola, Ur zaleak elkartea, Xudur kultur elkartea, Teila Fabrika, Lauaizeta ikastola, Ongi Etorri Eskolara, Gordegia, Egiako Kantu Jira, Egia Eskubaloia, Aitzarte elkartea, Arrano elkartea, Txondorra kultur elkartea, Porrontxo jaietako batzordea, Maizterren Sindikatua, Ernai eta Donosti Gain elkartea dira.
Aldakoneako lursaila udalarena eta Kutxa Fundazioarena da, eta duela bi urte eta erdi aurkeztu zuten hirigintza proiektua. Iazko abenduaren 29an, ordea, proiektuaren aldaketak aurkeztu zituen udalak, Kutxa Fundazioarekin egindako akordio baten ondoren. Horren bidez, Egiako lursailaren eta Altzako Eraikuntza Institutu zaharrekoaren proiektuak lotzea erabaki zuten, biak aipatu fundazioarenak baitira. Egiako eragileen aburuz, akordio hori «onartezina» da, «auzotarren beharrei erantzuten ez dielako». Alegazioen inguruan galdetuta, udalak ez dio adierazpenik egin hedabide honi.
Kutxa Fundazioaren eta udalaren arteko hitzarmenaren bidez, Aldakoneako eremuan 300 etxebizitza eraikiko dituzte, eta zonako irisgarritasuna hobetuko dute. Gaur egungo 57 etxebizitza botako dituzte proiektua gauzatu ahal izateko, eta Egiakoek salatu dutenez, ez dira babes ofizialeko etxebizitza asko egingo: «Botako dituzten 57 etxebizitza horiek babes ofizialeko etxebizitza berriek ordezkatuko dituzte, baina gainerako babes ofizialeko etxe guztiak, edo gehien-gehienak Altzan eraikiko dira, ez Egian». Horrela, auzo elkarteak eta gainontzeko salatzaileek deitoratu dute «Aldakonean eraikiko diren etxebizitza gehienak prezio librekoak» izango direla. Altzako lursailean eraikiko dituzten etxebizitza guztiak, aldiz, babestuak izango dira.
Hirigintza proiektuak Aldakoneako inguruan irisgarritasuna hobetzea hartzen du bere gain, baina eragileek salatu dute «hitzarmena zuritzeko» egingo dutela: «Jakin badakigu Aldakonea inguruak hirigintza gabezia handiak dituela, irisgarritasun aldetik, bereziki. Auzoko beste ingurunetan ere antzeko arazoa dago –Konkorrenean, Alaialden, Deba Ibaian, eta abar–. Auzo elkarteak behin eta berriz eskatu izan dio udalari zona hauetan igogailuak jartzeko, baina ez digute kasurik egin. Oraingoan, irisgarritasun arazoa konpontzea erabili nahi dute hitzarmena zuritzeko, Aldakonea aldapako ezkerreko alde guztia oraindik ere erabat ahaztuta». Izan ere, hirigintza proiektutik kanpo daude Maldatxo kaleko 10. zenbakiko lursailaren ingurua, Nazaret zentroa, Presentacion de Maria ikastetxea, atzealdeko industria pabiloiak eta Aldakonea kaleko 6., 8., 10., 6W. eta 10B. zenbakietako eraikinak. Ezkerreko alde guztian ere beharrezko esku hartzeak egiteko eskatu diote udalari.
Horretaz gain, Aldakoneako hirigintza proiektuan sartzen den San Antonio klinika zaharraren eraikinaren kanpoaldea «gutxienez» babesteko eskatu dute, gaur egun Osalan enpresak erabiltzen duena, alegia: «Auzoak ondare arkitektoniko gutxi du, eta klinika izandako eraikin hau da pasa diren garaietatik iritsi zaigun ale bakarrenetakoa». Eraikin hori, ordea, ez dago Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Berezian).
Etxebizitzaren arazoa Egian
«Udalaren datuen arabera, Egian 1.963 lagun ari dira babes ofizialeko etxeak eskatzen une honetan. Egia auzoan eraikita dauden etxeetatik soilik % 1,47 dira babestutakoak. Egoera latza auzoko gazteentzat: ezin dira auzoan gelditu, ordaindu ahal izateko etxerik ez dagoelako, eta, ondorioz, kanpora alde egitea da duten aukera bakarra», azaldu dute eragileek. Ildo horretatik, nabarmendu dute 300 etxebizitza eraikitzea «gehiegizkoa» iruditzen zaiela, baina eraikitzen dituztenak eraikitzen dituztela, «guztiak» babes ofizialekoak izateko eskatu dute, baita Aldakonea beharrezko ekipamenduekin hornitzeko ere.
Auzo elkartearen eta gainontzeko salatzaileen ustez, Aldakoneako lursaila «aukera paregabea» da auzoko etxebizitzaren arazoari aurre egiteko: «Lurzoruaren zati handiena udalarena eta irabazi asmorik ez –omen– duen erakunde batena da, Kutxa Fundazioarena. Onartezina iruditzen zaigu jende arruntaren beharrei irtenbidea eman ordez, eraikuntza sektoreko enpresa eta promotore handien interesak babestea». Horren harira, salatu dute Iztuetako zubibidea botatzeko proiektuaren «helburu bakarra» Aldakoneako zona berriari «sarbide duin bat» ematea dela. Izan ere, gogoratu dute auzoak «urteak» daramatzala zubibidea botatzeko eskatzen, baina udalak beti ezezko erantzuna eman izan diela.
Oposizioaren kritikak
EH Bilduk ere hitzarmena salatu zuen urte hasieran, «espekulatiboa» zela esanez. Era berean, oposizioko alderdiak nabarmendu zuen udal gobernuak «etxebizitza librearen eraikuntza maximizatzea» zuela helburu, eta etxebizitza babestuak Altzara eramateko asmoa zutela: «Egia eta Gros bezain espekulagarriak ez diren eremu batera». Elkarrekin Donostiak ere proiektua kritikatu zuen duela aste batzuk: «Etxebizitza publikoen %53 iragarri ziren, bi eremuak bateratuz, baina praktikan, legez ezarritako mugaren oso azpitik egongo dira», adierazi zuen.