Euskaltegiak bultzatzeko kanpaina abiatu du AEK-k
Aurten egitekoa zen 22. Korrika 2022ra atzeratu bada ere, Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! egitasmoa abiatu du AEK-k, “euskalduntze mugimenduaren garrantzia plazaratzeko”. Izan ere, gizartea euskalduntzeko prozesua “bide onetik” badoa ere, nabarmendu dute asko gelditzen dela egiteko: “Euskal Herriko herritarren % 55 erdalduna da. Berdintasunean oinarritutako jendartea amets badugu, argi dago herritar helduen euskalduntzea beharrezkoa dugula, guztion eskubideak bermatzeko zubia delako. Beraz, euskaltegi sendoak behar ditugu; bide onetik goaz, urtero-urtero 45.000 herritarretik gora euskara ikasten ari baitira horietan, baita pandemiak eragindako ikasturte ezohiko honetan ere. Bultza ditzagun euskaltegiak! Bultza dezagun euskara!“.
Horrela egitasmoak hiru ardatz izango ditu. Alde batetik, gutun bat helaraziko die AEK-k Euskal Herriko erakunde nagusiei, “euskalduntze mugimenduak nolako baldintzak izan behar dituen jasota”. Gizarte eragileek ere garrantzia izango dutela azpimarratu dute: “Mota guztietako eragileekiko lan-ildo amankomun bat ere jorratzen ari gara. Korrikaren aurreko edizioan, Albaolako/Bastidako ekimena egin genuen, non hainbat eragilek Klika egin zuten; konpromiso bat hartu zuten, alegia. Orain, harreman horiek sustatzen segitu nahi dugu, eragileek aurrerapauso gehiago emateko, akuilu lana ere egin dezaten beren eremuan; gobernuek eta herritarrek jokatzen duten rolaz gain, eragileek ere paper garrantzitsua dutelako”.
Bestetik, martxoaren 28an “ekitaldi xumeak” egingo dituzte hainbat lekutan: “Administrazioaren aldetik, urrats gehiago egin daitezen borrokatzen garen bitartean, jendartearen arnasa ere ezinbestekoa dugu. Hori dela eta, Euskal Herriko hainbat tokitan Bultza Euskaltegiak! ekitaldi xumeak antolatuko ditugu martxoaren 28an, unean uneko osasun neurrietara zeharo egokituak; momentu honetan, 45 gune lotuta dauzkagu eguerdiko 12:00etan ekitaldiak aurrera eramateko, baina behin betiko zerrenda ez dugu oraindik itxi. Gune gehiagotan egiteko aukerak aztertzen jarraitzen dugu”.
Azkenik, Korrika ez egiteak euskaltegiei sortzen dizkien zailtasun ekonomikoei aurre egiteko, diru ekarpenak egiteko aukera ireki dute, eta martxoa amaitu arte izango da zabalik. AEK-ren webgunean egin daitezke ekarpenak, eta bakoitzak nahi duen diru kopurua jarri dezake. “Korrika atzeratzeak zuloa eragin digu aurrekontuan, zalantza barik, eta banku bidezko finantzaketaren bitartez eman diogu erantzuna, hasiera batean. Zorpetze horri ere aurre egin beharko diogu, eta herritarren sostengua nahi dugu. Aurten bultzada txiki bat, eta hurrengo ikasturtean izango den Korrikak babes erraldoia jasoko duelakoan gaude, benetan behar dugu eta”, nabarmendu dute.