"Inoiz baino gehiago entrenatu dugu"
Hirugarrenez, Espainiako Txapelketa irabazi dute Oihane Otaegik (Donostia, 1977) eta Mikel Unanuek (Donostia, 1982), eta apirilaren 29tik maiatzaren 1era Kanadan egingo den Munduko Txapelketan parte hartuko dute. Txapelketa honetan Olinpiar Jokoetarako sailkatzea izango dute jokoan, eta inoiz baino gogotsuago daudela adierazi dute.

Nola ospatu duzue Espainiako Txapelketaren garaipena egoera berezi honetan?
Mikel Unanue (M.U.): Hilabeteak daramatzagu jaiegunik gabe: astean zehar lan egiten dugu eta asteburuetan Jacara entrenatzera joaten gara. Igande arratsalde guztia lasai egoteko izan genuen, eta astelehenean jai genuen biok lanean; guretzat, azkenean, ospakizuna igande arratsaldea eta astelehena guretzako izatea izan zen.
Oihane Otaegi (O.O.): Igandean goiz amaitu genuen txapelketa, eta lasai-lasai etxean ospatu genuen. Ezer berezirik ere ez genuen egin; nire amak pasteltxo batzuk ekarri zizkigun, eta nik lanperna batzuk erosi nituen. Oso gogorrak zeuden, eta arrandegira deitzean lehenago egosi behar genituela esan ziguten.
Zenbatetan irabazi duzue txapelketa hau?
O.O.: Hirugarrenez irabazi dugu. Lehen txapelketa irabazi aurretik, final askotara iritsi ginen, baina arrazoi ezberdinengatik ez genuen irabaztea lortu.
M.U.: Aurtengo txapelketa oso berezia izan da; Olinpiar Jokoak gertu izanda, talde asko aurkeztu dira txapelketara, eta sailkatze sistema ere oso gogorra izan da. Asko entrenatu dugu txapelketa hau irabazteko, eta uste dut egindako lan horrek fruituak eman dituela.
Denboraldi arraroa izan da?
O.O.: Aldrebesa izan da. Alde batetik, egoera dela eta, normalean baino gehiago entrenatzeko aukera izan dugu, goi mailako kirolariak garela dioen agiria dugunez Jacara joan gintezkeelako. Bestetik, txapelketa asko bertan behera geratu dira, eta asko entrenatu arren ezin izan dugu nahi genuen bezain beste lehiatu. Gainera, tentsio handia izan dugu etengabe, lehiatzeko PCRak egin behar genituelako, eta positibo emanez gero aurretik egindako lan guztia ezerezean geratzen da.
M.U.: Lehen asko joaten ginen Suitzara edo Danimarkara entrenatzera, Espainian ez dagoelako curlinga egiteko pistarik. Denboraldi honetan gutxitan atera garenez, Jacako izotz jauregian dagoen pista txikia erabiltzen utzi digute, eta hilabete batzuk eman ditugu astebururo bertan entrenatzen. Lan horrek guztiak asko hobetzen lagundu digu, baina horren lehiaketa gutxirekin ez genekien ondo zein zen gure maila Espainiako Txapelketara iritsi arte.
Gogotsu zaudete Munduko Txapelketarako?
O.O.: Oso. Joan den urtekoa bertan behera geratu zen, eta ordutik gogotsu gaude. Aurtengoa berezia izango da gainera, Olinpiar Jokoetarako sailkatzea baitago jokoan.
M.U.: Duela gutxi arte beldur bakarra lesionatzea zen, baina orain PCRak sartu dira jokoan, eta etengabean gaude tentsioan, nahiz eta ondo sentitu ez dakizulako kutsatuta zauden edo ez. Joan den urrian, adibidez, Oihanek positibo eman zuen sintomarik gabe, eta hori Munduko Txapelketaren aurretik gertatuz gero, agur txapelketari.
Zenbat herrialdek lortzen dute Olinpiar Jokoetarako txartela?
M.U.: Hamar herrialdek hartuko dute parte jokoetan, baina Beijingen direnez, Txina sailkatuta dago jada. Munduko Txapelketan zazpi pasako dira, eta ondoren egingo den Olinpiar Jokoen aurreko txapelketan beste bi herrialde sailkatuko dira.
O.O.: Badakigu oso zaila izango dela, ia ezinezkoa, baina jakitun gara asko entrenatu dugula eta asko hobetu dugula, eta gogotsu gaude.
Hainbeste lehiaketa bertan behera geratu ostean, Munduko Txapelketa egingo den bermerik duzue?
M.U.: Datak zehaztu gabe daude, baina Olinpiar Jokoak datorren urtean direnez, Munduko Txapelketa bai edo bai egingo da. Ez dakiguna da maiatzean, ekainean edo abuztuan izango den. Beste gauza bat da biotako bat gaixo jartzea eta Munduko Txapelketa galtzea.
O.O.: Emakumeen eta gizonen Munduko Txapelketak, adibidez, hasiera batean martxoan ziren egitekoak, baina emakumeena jada atzeratu dute. Oraindik zain gaude, eta ez dakigu zehazki noiz egingo den txapelketa bakoitza.
Zeintzuk dira herrialde onenak curlingean?
M.U.: Espainia kenduta, gainontzeko guztiak esango nuke. Tristea da, baina hala da. Europan Norvegia, Eskozia, Suedia eta Errusia gailentzen dira, baina Frantziak ere talde ona du.
O.O.: Ameriketan, Estatu Batuak eta Kanada dira onenak, eta Txina ere oso ondo dabil azken urteetan. Herrialde hauek azpiegiturak dituzte curlinga egiteko, baina Espainian ez dago lekurik gure kirola praktikatzeko. Hala ere, baldintzak berdindu egin direla uste dut, herrialde indartsuenak ohituta ez zeuden zailtasun batzuetara moldatu behar izan direlako. Aldiz, gu ohituta gaude bidaia luzeak egitera, edo izotz oso txarrean entrenatzera.
M.U.: Hala da, eta txapelketa batzuetan ikusi da. World Curling Tourreko txapelketetan herrialde onenen aurka ibili gara, eta horietako askori irabazi diegu. Irailean, adibidez, aaurreko Olinpiar Jokoetan zilarra irabazi zuen bikotea gainditu genuen.
Zer dela eta hasi zineten curlingean jokatzen?
O.O.: Kasualitatez izan zen. Txuri Berrin patinaje artistikoko taldearen prestatzaile fisikoa nintzen, eta klubari mezu bat iritsi zitzaion bertan zegoen curling materiala erosi edo itzuli behar zuela esanez. Erabakia hartu aurretik, bertan geundenok probatzea erabaki genuen, eta asko gustatu zitzaigun. Ordutik hona jendea uzten joan da pixkanaka, baina nik jokatzen jarraitzen dut.
M.U.: Nire kasuan, Oihanerekin nengoela hasi zen curlingean, eta geroz eta gehiago entrenatzen hasi zen. Asteburuetan ere entrenatzeko kanpora joaten hasi zen, eta probatzea erabaki nuen. Ordutik ez dugu inoiz etsi, eta jokatzenj arraitzen dugu.
O.O.: Maila nahikoa ez dugula eta galtzaileak garela esan digute askotan, baina kritika hauek negatiboki hartu beharrean, hobetzen laguntzen digute.