Intxaurrondoko elkarte zaharrenak 100 urte bete ditu
Intxaurrondo auzoa ez litzateke gaur egun dena izango Artzak Ortzeok elkartea existitu izan ez balitz. 100 urte bete ditu, eta bazkideak urteurreneko ospakizunak prestatzen ari dira.

Intxaurrondo zaharrean San Valentin Eguna baino garrantzitsuagoa den zerbait ospatzen da otsailaren 14an: Artzak Ortzeok elkartearen urteurrena. Aurtengoa berezia izan da, elkarteak mende bat bete baitu. Artzak Ortzeok eta Intxaurrondo asko aldatu dira urte hauetan guztietan, baina elkarteak zutik jarraitzen du, auzokoen elkargune gisa.
Elkartea 1921eko otsailaren 14an sortu zuten garaiko Mirakruz auzoko Manuel Azaña kalean (Altza udalerriaren barruan zegoen), baina 1930etik dago gaur egungo lokalean, Intxaurrondo kalean (1963an erosi egin zuten).
Hasieratik, auzo bizitza sustatzeko jarduerak antolatzen hasi ziren Artzak Ortzeokekoak, eta Josean San Romanek azaldu duenez, horregatik egiten ziren bazkide auzoko gazteak: «Ni bazkide egin nintzenean, duela 53 urte, elkarteak auzoaren alde lan egiteko tresna bat ziren garaiko gazteontzat». Hain zuzen, lehenengo urteetan mendi irteerak antolatzen zituzten soilik, baina laster jarduera gehiago antolatzen hasi ziren: «Auzoko jaiak egiten genituen, erakundeen laguntzarik gabe, gure kabuz. Bitxikeria gisa, garai hartan jaietako egitarauan jartzen genuen bakoitzak zenbat diru jarri zuen jaiak antolatzeko, jendeak jakin zezan zer egiten genuen diruarekin». Gerora, jaien antolakuntza «demokratizatzen» joan zen, eta gaur egun ez ditu elkarteak antolatzen, jai batzordeak baizik.
Bestalde, gastronomiari garrantzia handia eman diote betidanik elkartean, eta urteak daramatzate Intxaurrondoko Aste Gastronomikoa antolatzen. Sukaldari handi ugarik hartu dute parte egitasmoan, hala nola, Pedro Subijanak, Ferran Adriak eta Juan Mari Arzakek (Artzak Ortzeokeko bazkide da).
Jaiez gain, Artzak Ortzeokek antolatutako beste egitasmo batzuk ere gaur egunera arte heldu dira: «Santa Agedako korua 1978an sortu genuen elkarteko sei edo zortzi kidek, eta oraindik abesten jarraitzen dugu. Aurten ezin izan dugu kantatu, baina espero dugu datorren urtean berriz atera ahal izatea», azaldu du San Romanek. Artzak Ortzeokeko danborradak are urte gehiago daramatza jotzen: 25. urteurrenean jo zuen estreinakoz, eta 57 urte daramatza San Sebastian Egunean auzoko kaleak girotzen. 2004ra arte gizonek soilik jo zezaketen Artzak Ortzeokeko danborradan, baina San Roman presidente izanda aldatu zuten arau hori: «Nik pentsatzen nuen, ‘nire semeak jo ahal badu, nire alabak zergatik ez?’ Gaia planteatu zen, eta araua aldatu genuen; gutxi batzuek baja eman zuten, baina besterik gabe. Iritsi behar zen zerbait zen». Era berean, 2019tik emakumeak elkarteko bazkide izan daitezke, eta hori ere «modu naturalean» heldu zela azpimarratu du bazkide beteranoak.

Ferran Adria, Pedro Subijana, Juan Mari Arzak, Carmen Sevilla eta Achen Jimenez, elkartean. (Argazkia: Artzak Ortzeok)
San Romanek nabarmendu du Intxaurrondo aldatzearekin batera joan dela aldatzen elkartea ere bai: «Intxaurrondo oso auzo langilea izan da beti, eta lehen, bizilagun guztiok auzoan egiten genuen bizitza, Artzak Ortzeok zelarik auzo bizitzaren erdigunea. Gaur egun, ordea, lo auzo bat da bizilagun askorentzat, eta elkartea lagunekin eta familiarekin bazkaltzeko edo afaltzeko gune bat da soilik».
Urteurrena ospatu ezinik
Momentuz, Artzak Ortzeokekoek ezin izan dute 100. urteurrena behar bezala ospatu, baina ospakizun ugari dituzte buruan, egoerak hobera egiten duenean egiteko: «Hitzaldiak, erakusketak, bandera igoera, 100. urteurreneko aldizkaria eta berbena egin nahi ditugu, besteak beste. Horretaz gain, urteurreneko pin bereziak egin ditugu, auzoko gainontzeko danborradekin batera festa txiki bat antolatu nahi dugu, eta elkarteko bazkide beteranoena ere omenduko dugu: 95 urte ditu, eta duela 77 urte da bazkide».
Urteurrena ospatu ahal izateko, ordea, elkarteak ireki ahal izan arte itxoin beharko dute, eta hori laster izatea espero du San Romanek: «Faltan botatzen dut elkartea, kuadrillarekin elkartzeko aitzakia baitzen niretzat».