'Non dago Mikel?' dokumentala Principe zinema aretora helduko da gaur
Amaia Merinoren eta Miguel Angel Llamas Pitu-ren Non dago Mikel? dokumentala Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten iaz, eta Principe zinema aretoetan ikusi ahal izango da gaurtik aurrera. Zabalza auziaren nondik norakoak izan dituzte hizpide dokumentalean, eta garaiko hainbat irudi ikus daitezke. 17:00etan eta 19:30ean eskainiko dute dokumentala gaur Zuloaga plazako aretoan.
Zabalzaren kasua artxibatuta dago 2010etik, eta haren familiak ez du inoiz aitortzarik jaso. Aste honetan, gainera, kasua denen ahotan egon da berriz, garai hartako Intxaurrondoko Guardia Zibilaren kuarteleko kapitain Pedro Gomez Nietoren eta CESID-eko koronel Luis Alberto Peroteren arteko elkarrizketa batek argia ikusi baitu, eta Zabalza torturen ondorioz hil zela diote.
Joxerramon Zapirain Larraza Altzako Mikel Zabalza Gogoan Herri Ekimeneko kideak Zabalza kasuari buruzko iritzia plazaratu du gaurko astekarian.