«Saltsa honetan jarraitzeko gogoa dut»
Heavy metal eta rock musika zaleen gotorlekua izan da Txiki, eta Txomin Tellado, haren zaindari nekaezina. 21 urteren ondoren, igandean San Lorenzo kaleko lokala itxiko du betiko, baina martxoan hasi nahi du berriz lanean, izen berriarekin eta taberna berri batean, Iñigo kalean.
Etapa berri bat hasteko ordua da?
Pena dugu leku hau utziko dugulako, baina aldi berean, espazio berrian lanean hasteko ilusio handia dugu. Garai hauei aurre egiteko espazio gehiago behar dugu. Une honetan, Txikin ez dut bezero guztientzako tokirik.
Igandean itxiko duzue. Nola bizi duzue agurra?
Asteburuan goizez eta arratsaldez irekiko dugu, betiko bezeroek aukera izan dezaten etortzeko. Tabernaren izenak berak esaten duen moduan, oso espazio txikia da, baina asko eman digu. Behin, Alberto lankideak eta biok 45 pertsona zenbatu genituen barruan, eta ez zen San Tomas eguna. Kanpoan ere jende mordoa zegoen. Ez zuten joan nahi. Jendeak leihotik begiratzen du, barruan zerbait berezia dagoela ikusten du, eta sartu egin nahi du. Uste dugu zerbait polita sortu dela hemen.
Egarri taberna zena hartu duzu, Iñigo kalekoa. Zaila izan da lokal berria aurkitzea?
Bai, matematika kontu bat da. Jabeek diru asko eskatzen dute alokairuarengatik, baina ezohiko egoera batean gaude. Pandemia prezioa, normaltasun egoerakoa, itxialdikoa… Hori guztia negoziatu behar izan dut. Kasu honetan, esan dezaket jabearen jarrera ona izan dela.
Auzoan geratu zara azkenean.
Leku ona da. Beste aukera batzuk ere aztertu ditut: Errege-erregina Katolikoen kalea, Intxaurrondo… Baina azkenean hemen geratuko gara. Orain ikusiko dugu ea jendeak jarraitzen gaituen. Nik pentsatu nahi dut betiko jendeak ilusio handia duela. Oinak lurrean, garen hori daramagu gurekin, gure esperientzia eta bizitako guztia. Badut gogoa Parte Zaharrean geratzeko eta saltsa honetan jarraitzeko. Hau da nire lana, eta zorte handia dudala uste dut. Txiki taberna nire etxea izan da, nire lagunekin egon naiz; hemen eman dudan denbora gozatu egin dut, barrez, eta solasaldi onekin.
Nola iritsi zinen Txiki tabernara?
Bost urtez Minuto y ½ tabernan egin nuen lan. Eta 2000. urtean Txiki taberna hartu nuen garaiko nire bikotekidearekin batera. Ikasi nuen guztiarekin beste taberna bat irekitzea erabaki nuen.
Zu iritsi aurretik, nolakoa zen?
Poteo taberna bat zen, eta jatekoa zegoen: ogitartekoak, hanburgesak, saltxitxa ogitartekoak, bolitxeak… Giro bohemioa zegoen, eta rock ukitua zuen. Ramonesen kantak jartzen zituzten. Haien lekukoa hartu nuen, baina pixkanaka, aldaketak egin nituen.
Zer aldatu zenuen?
Janaria zerbitzatzeari utzi genion, eta asmatu genuela uste dut. Konturatu nintzen eskuak beti lanpetuta nituela, plantxan edo kafea egiten, ezin nintzela bezeroekin lasai egon. Aldaketa handia izan zen: musikari eta bezeroari denbora gehiago eskaini eta tratu hobea emateko aukera izan dugu horrela.
Nik garagardotegi txiki bat egin nahi nuen. Argi nuen taberna tematiko bat nahi nuela, heavy metalari eskainitako taberna bat. Gertuko jendeak esaten zidan eromena zela. Eta neure buruari esan nion: oker daudela erakutsi behar diet. Burugogorra naiz, oso saiatua.
Kanpoaldean dagoen bandera pirata noiz jarri zenuen?
Hasieratik egon da. Bandera pirata, barraren barruan dagoen ezpata eta musika. Hiru horiek dira Txikiren ikurrak. Guk barruan egiten duguna zer den ondo azaltzen dute. Banderak jendearen begirada erakartzen du. Haurrek esaten dute: «Taberna pirata!». Ez da taberna pirata bat, rock taberna bat da, baina bueno, pirata? ba, bai. Gaixto samarrak garela esateko modu bat da.
Musikazale amorratuak ere bai.
Ni, berez, rockzale amorratua naiz. Rocka gustatzen zait letra larrietan. Heavya baino, nahiago dut 1970eko musika. Tabernan poliki-poliki hasi nintzen rock kantak jartzen. Hasieran, jendea zur eta lur geratzen zen, baina denborarekin, ontzat eman dute. Eta elur bola efektua izan duela uste dut. Orain ez da inor harritzen Led Zeppelin –erabat txundituta naukate–, Jefferson Airplane edo Facesen garaiko Rod Stewart jartzen badut.
Eta taberna berrian, zer entzungo dugu?
Taberna handiagoa, musika errepertorio zabalagoa. Betiere, sustraiak galdu gabe. Jendea ez dadila harritu Janis Joplin entzuteagatik. Gurea rocka da: Chuck Berry, Elvis Presley, Bruce Springsteen edo John Cougar. Rocka oso handia da. Txiki taberna ireki nuenean, momentuak eskatzen zidan taberna heavy bat irekitzea. Hauek beste garai batzuk dira. Noski, heavy metalak bere tokia izango du!
Musika taberna bat edukitzea zaila da?
Oso zaila da. Udal araudia oso zorrotza da. Soilik III. kategoriako tabernek dute anplifikadoreak izateko baimena. Guk II. kategoria genuen, eta arazoak izan ditugu. Beldur horrekin ibili gara lanean, musikarik gabe ezingo nuke lanik egin. Orain, lokal berrian, lasaiago ibiliko gara, III. kategoria izango dugu eta.
Egarri gau taberna bat zen. Nola emango diozu itxura berria?
Dantzaleku ukitua ematen dion guztia kentzen ari naiz: koloretako argiak, kristalezko apalak… Hala eta guztiz ere, iruditzen zait lokalak baduela, nolabait, Txikiren antza. Barra ezkerrean dago, harrizko paretak ditu… Martxoan ireki nahi dut. Tradizio handiko pub irlandar horiek duten ukitu hori lortu nahi dut.
Izena aldatuko diozu?
Basati taberna izango da. Jokoa emango digu izenak, uste dut gauza interesgarriak egingo ditugula. Gure identitateari keinu egiten dio. Su Ta Gar-en disko baten izena Jaiotze basatia da. Gau batean bururatu zitzaidan izena. Oso Julio Verne naiz, uste dut gauzak gertatu baino lehen ikusten ditudala. Izena garrantzitsua da, eta izen euskaldun bat nahi nuen. Txikin 20 urte zoragarri izan dira, eta orain hurrengo 20 urteetan pentsatu nahi dut.
Rock taberna gutxi daude hirian. Egoera nola ikusten duzu?
Gutxi daude, baina ondorio positiboak atera daitezkeela uste dut. Nik 53 urte bete ditut. Lehen, Minuto Florik zeraman. Arraun taberna ere bazegoen. Gauza alternatibo askorik ez zegoen, baina… Iguanan ere gustura geunden. San Bartolomen Pacha Black zegoen. Eta Drugstore zegoen. Tabernak ixten zirenean, denok hara joaten ginen. Denboraren joanarekin, rock eszena lausotzen joan da. Eta, halere, ez du etenik izan, pixkanaka bidea egin du. Egia leku zoragarria da, Bukowski dago. Jarrera batek batzen gaituela esango nuke. Eigerrek ere lan handia egin du. Minuton eta The Hole-en ere oso ondo ari dira.
Hasi zinenetik, Parte Zaharreko gaua eta giroa asko aldatu da. Nola eragin dizue?
Turismora bideratu da auzoa, oso agerikoa da. Gure parrokia txikian ez dugu horrenbeste nabaritu, baina betiko tabernak desagertu egin dira, eta taberna argitsuagoak dira nagusi. Gainera, jende asko joan egin da. Eta, gaua ez da existitzen Donostian; uste dut udalari interesatzen zaiola. Be Bop, Etxekalte, Friends eta beste gutxi batzuk dira lizentzia dutenak. Besteok goiz itxi behar dugu. Nire ustez, gehiegitxo zaintzen da bizilagunen lasaitasuna. Eta, gainera, asko kanpotik etorritako bizilagunak dira. Betidanik festa egon den toki batean zarata dagoelako kexatzen dira. Tira, ez dut kakatan plisti-plasta ibili nahi. Aurrera begiratu nahi dut. Bizirik irauteko, egokitu egin beharko dugu.
Zein abestirekin agurtuko duzu Txiki taberna?
Hau kontzertuetan bezala da, ezta? Garrantzitsua da bukaerako kantak uzten dizun zaporea, baita ikuskizunaren hasierako txupinazoa ere. Behin, tabernan kontu zaharrak gogoratzen ari ginela, malenkoniak jo gintuen, eta egun hura Bon Joviren Never Say Goodbye-rekin bukatu genuen. Are malenkonia gehiago sortu nuen, eta ez dut hori nahi. Unea iristen denean erabakiko dut, baina, bai, ‘honaino’ esateko kanta bat izango da. Basatiren inaugurazioan Alice Cooper jartzea pentsatu dut, hark bere kontzertuak Welcome to my Nightmare kantarekin hasten ditu!