26 koronabirus kasu atzeman dituzte Donostian ostiraletik igandera
Intzidentzia metatua 130,49koa da gaur, eta behera egiten jarraitzen du. Parte Zaharrean gora egin du intzidentzia metatuak, eta Aieten berdin mantendu da.
Eusko Jaurlaritzak argitaratu berri dituen datuen arabera, 26 koronabirus kasu positibo atzeman dituzte Donostian ostiraletik igandera: 14 kasu positibo ostiralean, 8 kasu larunbatean, eta 4, berriz, atzo. Horrela, intzidentzia metatua 130,49koa da gaur, eta behera egiten jarraitzen du. Izan ere, ostiralean intzidentzia metatua 159,55ekoa zen, eta ostegunean, 168,87koa. Hirian aste batzuk daramatza beheranzko joera nabarmenean. Otsaila gune gorrian murgilduta hasi zuen Donostiak, eta orain eremu horian dago.
Intzidentzia metatuak proportzio bat neurtzen du; alegia, zenbat pertsona gaixotu diren azkeneko hamalau egunetan zati zenbat pertsona osasuntsu zeuden periodo horren hasieran; ondorioz, birusaren kutsatze abiadura erakusten du. Jaurlaritzaren irizpideen arabera, kopuru hori 500dik gorakoa denean, leku hori gune gorria dela esan nahi du, alegia, kutsatze maila altua dela leku horretan.
Joan den astean 100 urtetik gorako pertsonek jaso zuten txertoa, eta aste honetan 90 urtetik gorakoekin hasiko dira Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban. Gainera, Osakidetzak espazio handietako txertaketa prozesuari ekingo dio aste honetan, Illunbeko zezen plazan abiatu duen probaldi fasearekin. Hezkuntza arloko 55 urtetik beherako langileak –irakasleak eta jangeletako langileak– txertatuko dituzte Illunben, Astra Zeneca txertoarekin. Era berean, Sagarduik azpimarratu du balitekeela Donostialdeko ESI-aren irizpideen arabera hautatutako beste kolektibo batzuk ere Illunben txertatzea. Bestalde, Donostian gaur hasi dira udaltzainak, suhiltzaileak eta mugikortasun agenteak txertatzen; guztira, 400dik gora langilek jasoko dute txertoa.
Gainera, mugakide diren udalerrien artean mugikortasuna baimenduta dago jarduera sozio-ekonomikoak egiteko eta aire zabalean kirola egiteko. Donostiako bizilagunek ondorengo udalerrietara joateko baimena dute: Orio, Usurbil, Lasarte-Oria, Andoain, Zizurkil, Hernani, Astigarraga, Errenteria eta Pasaia.
Intzidentzia osasun eremuka
Bederatzi osasun-eremutan egin du behera intzidentzia metatuak, Parte Zaharrean gora egin du, eta Aieten berdin mantendu da:
- Bidebieta: 208,13
- Egia: 169,08
- Intxaurrondo: 148,97
- Ondarreta: 142,06
- Parte Zaharra: 122,83
- Gros: 114,82
- Aiete: 104,28
- Altza-Roteta: 102,07
- Loiola: 81,77
- Amara Berri: 79,99
- Amara-Erdialdea: 66,10
Kasu positibo kopuruari erreparatuz, jarraian ikus daitezke atzoko datuak:
- Ondarreta: 1
- Amara Berri: 1
- Gros: 1
- Egia: 1
- Aiete: 0
- Altza-Roteta: 0
- Parte Zaharra: 0
- Intxaurrondo: 0
- Bidebieta: 0
- Loiola: 0
- Amara-Erdialdea: 0