Gaur hasi dira txertoa udaltzainei, mugikortasun agenteei eta suhiltzaileei jartzen
Donostiako Udalak gaur ekin dio hiriko udaltzainen, suhiltzaileen eta mugikortasun agenteen txertaketa kanpainari. Osakidetzaren irizpideak jarraituta, udalaren laneko arriskuak prebenitzeko zerbitzuak 55 urtetik beherako udaltzainei, suhiltzaileei eta mugikortasun agenteei deitu die, txertaketa kanpainan parte hartzera gonbidatzeko. Koronabirusaren aurkako Astra Zeneca txertoa jarri diete hala nahi duten langileei.
Guztira, 246 udaltzainek, 94 suhiltzailek eta 88 mugikortasun agentek jasoko dute COVID-19aren aurkako txertoa.
Kanpaina modu ordenatuan egingo dute, dagokien udal departamentuek osatutako zerrendak jarraituz. Udalak nabarmendu du kanpainak “zenbait aste” iraungo dituela, eta azaldu du bigarren dosia lehenengoa jaso eta hamar edo hamabi egunera jasoko dutela langileek.
Joan den astean 100 urtetik gorako pertsonek jaso zuten txertoa, eta aste honetan 90 urtetik gorakoekin hasiko dira Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban. Gainera, Osakidetzak espazio handietako txertaketa prozesuari ekingo dio aste honetan, Illunbeko zezen plazan abiatu duen probaldi fasearekin. Hezkuntza arloko 55 urtetik beherako langileak –irakasleak eta jangeletako langileak– txertatuko dituzte Illunben, Astra Zeneca txertoarekin. Era berean, Sagarduik azpimarratu du balitekeela Donostialdeko ESI-aren irizpideen arabera hautatutako beste kolektibo batzuk ere Illunben txertatzea.