Ibaetakoak ez dira Aingeru Zaindariaren Egunaz ahaztu
Martxoaren lehena, Aingeru Zaindariaren eguna, gorriz markatuta egoten da urtero Ibaetakoen egutegietan. Bertsoz, janez eta edanez beteta egoten den egun hau, baina, beste modu batean ospatu dute gaurkoan, koronabirusak eragindako pandemia dela eta. Osasun larrialdiak jaiak bertan behera uztea behartu du jai batzordea, baina hala ere, Ibaetako bizilagun batzuk animatu dira Aingeru Zaindariaren ermitara igotzera hamaiketakoa hartzeko; hala, gaurkoan gutxi izan du zaintzeko aingeruak.
Ibaetan egun honetan eman ohi diete hasiera jaiei, eta egun bereziena da haietako askorentzat. Aingeru Zaindariaren ermitan erromeria egiten dute, baita meza ere. Ondoren, bertso saioa egiten dute. Azkenik, beste bertso jaialdi bat egin ohi dute, goizeko saioko bi bertsolarik eta beste bik.
Aurtengo ez-jaietan, ermitara hamaiketakoa hartzera joateaz gain, Ibaetako bizilagun batzuek Ibaetako bandera jarri dute balkoian, jaiak ahaztu ez dituztela adieraziz.