Ikastetxeetan bertan egingo dute Giza Eskubideen 18. Zinemaldia
Terra Willy, Asto Erregea eta Gasteiz, martxoak 3 filmak ikusiko dituzte haurrei eta gazteei zuzendutako Giza Eskubideen 18. Zinemaldia. Osasun larrialdia dela eta, ikastetxeetan ikusiko dituzte aurten Donostia Kulturak eta Donostiako Udalaren Giza Eskubideen Sailak hautatutako filmak: “Filmen gai nagusiak elkartasuna, ingurumenarekiko errespetua, parte-hartze soziala, demokrazia eta Gasteizen 1976ko martxoaren 3an poliziak egindako sarraskia izango dira”.
Urtero bezala, zinemaldiaren antolatzaileek filmak lantzeko gida didaktikoak osatu dituzte, zinemaldiaren helburua ez baita filmak ikustea soilik, baizik eta bertan jorratzen diren gaien inguruan hitz egitea eta hausnartzea, baita “giza eskubideen inguruan sentsibilizatzea eta kontzientziatzea” ere. Hauek dira filmen ezaugarriak:
Terra Willy (90 min.) Euskaraz – Adina: 6-9 urte
Sinopsia: Willy bere gurasoekin misio espazial batean bidaiatzen ari denean, bera doan espazio-ontziaren hegala suntsitzen da. Bat-batean bere aita eta amarengandik urrutiratu eta bere kapsula esploratu gabeko planeta basati batean lurreratzen da. Buck biziraupen-robotaren laguntzarekin, Willy bere burua babesten saiatzen da, norbaitek erreskatatu zain. Willy-k eta Buck-ek, Flash izena duen lagun estralurtar berri batekin batera, arrisku anitzei aurre egin behar diete, planetaren flora eta fauna ezagutzen duten bitartean.
Asto Erregea (99 min.) Euskaraz – Adina: 9-12 urte
Sinopsia: Lehoi Erregeak, oihaneko erregeak, erretiroa hartzea erabaki du eta bere ondorengoari sinesgarritasuna emateko, bere kontseilaria den Miss Finak eta berak hauteskundeetarako deia egitea erabaki dute. Manguk, garbitzailea den asto zoriontsu eta umil batek, ustekabean hautagai popularra izaten amaituko du. Lehoi erregearen “legezko” oinordekoari aurre egin beharko dio, bere hautagaitza Miss Finaren plan makabro baten barnean dagoela jakin gabe. Tronuaren kontrolpea izateko, Miss Finaren helburua hautagai berria bere agindupean egotea izango da. Horretarako, Lehoi Erregea tronutik kentzen eta bere semearen oinordekotza galarazten saiatuko da.
Vitoria, 3 de marzo (90 min.) Gaztelaniaz – Adina: 13 urtetik gora
Sinopsia: Hainbat hilabetez lan baldintza duinak eskatzeko greban egon ostean, langileriak lanuzte orokorrera deitu du Gasteizen. 1976ko martxoaren 3an, Zaramaga langile auzoko eliza batean milaka langile batzartuko dira. Kanpoaldean pertsona ugari bilduko dira eta haien aurrean Polizia armatuko ehun bat agente kokatuko dira. Poliziaren esku, bost langile hilko dira eta ehundik gora zauritu. Begoñak, klase ertaineko neska gazte batek, lehen pertsonan biziko ditu gertakari hunkigarri horiek. Filma arrakastatsua izan da zinemaldi ezberdinetan, besteak beste, Puglia International Film Festival jaialdian.