Lilatoi birtualak 5.000 izen-emateen langa gainditu du dagoeneko
Asteburu honetan izango da 32. Lilatoia, eta izen-ematea oraindik itxi ez badute ere, 5.000 emakume baino gehiagok hartuko dute parte, izen-emate kopuru hori gainditu baitute dagoeneko. Aurtengo lasterketa birtuala izango da; hau da, bakoitzak bere kabuz egingo ditu Lilatoiko bost kilometroak, martxoaren 5etik 8ra, eta RockTheSport Virtual aplikazioaren bidez erregistratuko da emakume bakoitzaren denbora.
Aurten, korrika egin ahal izateaz gain, oinez edo nordic walking bitartez, patinetan eta esku bizikletan egin ahal izango da. Taldeentzako izen-emate epea gaur, hilaren 1ean itxiko dute, baina norbanakoek hilaren 4ra arte ahalko dute izena eman, Lilatoiaren webgunearen bidez. Aurten, oinez egiteko aukera ere badagoenez, parte hartzeko gutxieneko adina 14 urtetik 9 urtera jaitsi dute. Aiopatu aplikazioan entrenamenduak izango dira, lasterketa prestatzeko. Horiek bukatzean, martxoaren 5ean, parte hartzaileak erabaki beharko du zein egunetan egin nahi dituen bost kilometroak. Aplikazioak korrikalariaren marka erregistratuko du, eta hori automatikoki sailkapenean gordeko da. Izan ere, aurten ere sailkapena eta sariak izango dira.
Modalitate guztietan parte hartzeko prezioa berdina izango da. Parte hartzeak 4 euroko kostua izango du, eta kamiseta bakoitzak 7 eurokoa. Urtero, korrikalariek aukera dute Lilatoiaren antolatzaileek erabakitako egitasmo batera euro solidario bat emateko. Aurten, euro hori ez da hautazkoa izango, eta lortutakoak We are like you egitasmora bideratuko dira.