Martuteneko Erbetegi etxea bota dute, Abiadura Handiko Trena egiteko
Azkenean, eguna iritsi da: Martuteneko Erbetegi etxe historikoa bota egin dute asteburuan, Abiadura Handiko Trena (AHT) egiteko lanak direla eta. Argia hedabideak eman du eraisketaren berri. Donostiako eraikin zibil zaharrenetarikoa da Erbetegi: XVI. mendekoa da, eta Ancora Ondarearen Babeserako Elkarteak hainbatetan aldarrikatu du bere balio arkitektonikoa. Hain zuzen, Ancorakoak haserre agertu dira hedabide honi egindako adierazpenetan: “Donostian ondare arkitektoniko gutxi daukagu, eta dena suntsitzen ari dira. Erbetegi babestu zezaketen, baina borondatea faltatu da”.
Trenbidearen ondoan dago, eta Adifek desjabetu egin zuen lursaila, trenbidea zabaltzeko. Bizilagunek bi urtez borrokatu dute, eskaini dizkieten kalte ordainak “irrigarriak” direla salatuz, baina, azkenean, otsailaren hasieran guztiz hustu behar izan zuten eraikina. Hedabide honek Garikoitz Arrese-Igor bizilagunarekin hitz egin zuen orduan, eta bideo erreportaje mamitsua osatu zuen. Bizilagunek hainbatetan salatu dute Adifen jarrera, eta Donostiako Udalari bitartekaritza lanak egiteko eskatu zioten, baina udalak beraiekin izandako jarrera ere kritikatu zuten.
Larunbatean eraitsi zuten hondeamakinek etxe historikoa, eta hondarrak baino ez dira gelditzen orain. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak adierazi zuen atariko arkua (Ancorak behin baino gehiagotan eskatu du arkua eta armarria babesteko) eta beste hainbat elementu Gordailura eramango zituztela. Hain zuzen, eguerdian hondakinen inguruan zebiltzan Adifeko langileek azaldu dute armarria, ate nagusiko arkua eta hainbat harlandu Gordailura eraman dituztela, eta hondakinen azpian etxearen jatorrizko lau horma mantendu dituztela; “aldundiak agindutakoa egin dugu”, nabarmendu dute.
Ancorakoak mesfidati agertu dira horma horien etorkizunarekin: “Lursaila udalaren jabetzakoa izatera pasako da orain, eta ikusi beharko dugu nola urbanizatzen duten hondakin horiek guztiak kentzean. Ez litzateke harritzekoa izango bere horretan uztea”. Era berean, salatu dute AHTaren lanekin inguruko etxe zahar gehiago arriskuan daudela: “Adifeko langileek ez digute esan nahi izan zona honetako baserri gehiago botako dituzten, baina asko arriskuan daude, trenbidearen norabidea baino ez da ikusi behar”.