Martxoaren 4ko greban parte hartzea eskatu die LABek zaintza arloko langileei
LAB sindikatuak ostegunean zaintza sektoreko langileek egingo duten greban parte hartzera dei egin du gaur goizean Gipuzkoako Foru Aldundiaren parean. 2020ko azaroaren 17an eta aurtengo urtarrilaren 26an ere greba egin zuten zaintza sektoreko langileek, eta egoera aldatu ez denez, hirugarren greba eguna egingo dute ostegun honetan, martxoaren 4ean.
Maddi Arrietak, LAB sindikatuko ekintza sozialeko kideak, ekintzaren helburuak azaldu ditu: “Elkarretaratze hau burutu dugu gizarte zerbitzuek bizitza sostengatzeko duten ezintasuna salatzeko, baita bertako langileek aitortza errealik ez dutela azpimarratzeko ere, lan baldintza guztiz prekarioekin lan egiten jarraitzen baitute arlo honetako langileek. Txanda amaitezinak, lan erritmo bizkorregiak eta soldata miserableak, besteak beste, dira langileen eguneroko arazoak”.
Ekintza eta elkarretaratzea Gipuzkoako Foru Aldundiaren parean egin dute “erantzuleak” salatzeko, hau da, agintari publikoak: “Haiek murgildu dute sektorea azpikontratazio eta pribatizazio politiketan, gizarte zerbitzuak eta zaintza bera negozio iturri bilakatuz”.
Langileen egoera “prekario” horrekin eta zaintzaren kalitate “lotsagarriarekin” amaitzeko, martxoaren 4an greba egitea eskatu diete zaintza arloko langileei, eta hiritarrei mobilizazioetan partze hartzea eskatu diete: “LAB sindikatuko kideok 11:00etan egingo dugu zutabea, eta 11:30ean manifestazioa. Zaintzaren aitortzaren aldeko borroka honen inflexio puntua izatea nahi dugu greba egun hau. Honetarako, aldarri zehatzak ditugu gure sindikatuan: gizarte zerbitzuen sistema publiko, doako, kalitatezko eta unibertsal baten aldekoak, hain zuzen ere”.