Osakidetza Illunbeko zezen plazan txertatzen hasiko da aste honetan
Osakidetzak espazio handietako txertaketa prozesuari ekingo dio aste honetan, Illunbeko zezen plazan abiatu duen probaldi fasearekin. Hala azaldu du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak goizean Radio Euskadin egindako elkarrizketan. Osasun zentroetan txertatzea lehenetsiko dutela nabarmendu du Sagarduik, baina azaldu du Illunben espazio handietako txertaketen “proba pilotua” garatuko dutela, txertaketa arintzeko.
Hezkuntza arloko 55 urtetik beherako langileak –irakasleak eta jangeletako langileak– txertatuko dituzte Illunben, Astra Zeneca txertoarekin. Era berean, Sagarduik azpimarratu du balitekeela Donostialdeko ESI-aren irizpideen arabera hautatutako beste kolektibo batzuk ere Illunben txertatzea.
Joan den astean 100 urtetik gorako pertsonek jaso zuten txertoa, eta aste honetan 90 urtetik gorakoekin hasiko dira Euskal Autonomia Erkidego osoan. Sagarduik ez du baztertu autotik jaitsi gabe txertatzeko zerbitzua jartzea oraingoan ere bai.
Bestalde, Donostian gaur hasiko dira udaltzainak, suhiltzaileak eta mugikortasun agenteak txertatzen; guztira, 400dik gora langilek jasoko dute txertoa.