Oki Moki taldeak langile klasearen popa aurkeztuko du Dabadaban
Getarian sortu arren, Donostiako bi kide ditu Oki Moki bandak. Intxaurrondoko Paula Estevezek eta Getariako Aritz Aranburuk sortu zuten, eta gerora batu zitzaien Iñaki Castro donostiarra. Hirukoak Working Class Pop lehendabiziko diskoa aurkeztuko du larunbatean, Egiako Dabadaba aretoan. 19:00etako sarrerak agortu zirenez, 17:00etan beste emanaldi bat egingo dute.
Estevezek Irutxuloko Hitzaren 15. urteurrenean parte hartu du. Bere ilustrazio bat darama Irutxuloren kamiseta eta poltsa berri batek. “Donostiarrentzat hain garrantzitsua den hedabide baten urteurrena ospatzen parte hartzeak asko pozten nau”, adierazi zuen iaz hedabide honek egin zion elkarrizketan.
Oki Moki taldeak pop atmosferak eta punk arima uztartzen ditu, lo-fi melodiekin batera. Iaz ateratako diskoa osorik entzun daiteke beraien Bandcamp atarian. Horrez gain, hainbat bideo aurkeztu dituzte, eta horietako batean Intxaurrondoko tren geltokia agertzen da.