Artikutzako suteak bi hektarea inguru erre ditu
Artikutzako basoan sute bat gertatu da bart, eta bi hektarea inguru erre dira. Nafarroako suhiltzaileek 19:00ak aldera jaso zuten Artikutzako basozain baten abisua, eta 21:45ak arte aritu dira sua itzaltzeko lanetan. Nafarroako Gobernuko suhiltzaileak, basozainak eta suhiltzaile boluntarioak joan dira sua itzaltzera. Beltzuntza eta Gerasoko Ataka inguruan izan da sutea, Arantzatik gertu.
Hego haizeak suhiltzaileen lana zaildu du, eta sua aldapa gune batean zegoenez, suhiltzaileek eskuz itzali behar izan dute, sare sozialetan argitaratu duten bideoan ikusi daitekeen moduan:
Gabon. Se esta trabajando en un incendio forestal en Artikutza, Bomberos de Goizueta, BBFF @ bomberos_na Cordobilla,#guarderio medioanbiente y guardas de Artikutza pic.twitter.com/q6jcOQLL5d
— Bomberos y Bomberas – Suhiltzaileak (@bomberos_na) March 4, 2021
Udalak azaldu duenez, sastrakak erretzeagatik sortu zen sutea, eta azpimarratu du Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean sastrakak modu kontrolatuan erretzeko aukera eskaintzea aztertzen ari direla, kontrolik gabeko suteak ekiditeko.