Donostian esfortzu handiak ekiditeko gomendatu dute, airearen partikula maila altuak direla eta
Saharako basamortutik Iberiar penintsulara heldu den hautsa dela eta, partikula maila altuak atzeman ditu Eusko Jaurlaritzaren Airearen Kalitatearen Kontrolerako Sareak. Donostiako Udaleko Ingurumen sailak jakinarazi du gaur eta bihar partikula maila horiek mantenduko direla, baina larunbaterako, hilaren 6rako, jaistea aurreikusten dutela.
Horregatik, udalak gomendatu du larunbatera arte aire zabalean esfortzu handiak egitea ekiditeko. Bereziki, haurrei, adinekoei, arnasketa arazoak (asma eta bestelako gaixotasunak) dituztenei eta aire zabalean eta denbora luzez jarduera fisikoa edo lana gogor egiten dutenei gomendatu diete esfortzu handiko jarduerak ekiditeko. Era berean, ahal den heinean, garraio pribatuaren erabilera ekiditeko eskatu dute, halakoek igortzen dituzten gasek partikula mailak igotzen baitituzte.