Erraustegian industria hondakinak ez erretzeko eskatu dute
Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak Zubietako plantan hondakin industrialak erreko dituztela salatzeko elkarretaratzea egin zuen atzo, hilaren 3an, Miramongo Gipuzkoako Batzar Nagusien parean. Industria hondakinez gain, hiriko hondakinak ere ez erretzeko eskatu dute.
“Obskurantismo eta irregulartasunez inguratuta martxan da Donostiako erraustegia eta martxan jarri bezain pronto ikusi da Gipuzkoan ez dela sortzen munstroa elikatzeko nahiko zabor. Izan ere 2019an Gipuzkoan 138.000 tona errefus sortu ziren eta erraustegia 200.000 tona erretzeko prestatu dute”, salatu dute. Zaldibargo hondamendia gogoan izan dute, eta Zubietan antzeko zerbait gertatu daitekeela deitoratu dute.
“Ikusi da Gipuzkoako herri gehienetan posible dela errefusa asko murriztea. Zergatik ez da gauza bera egiten Donostian, Irunen, Lasarten eta inguruko beste herrietan? Herri hauek dira erraustegia gehien elikatzen dutenak; ez dute besteek txukun samar egiten dutena hondatzeko eskubiderik. Eta industria hondakinekin berdin: irtenbide bakarra hondakinak murriztea da. Industrien artean ere badira lanak txukun egiten dituztenak eta dena nahasirik botatzen dutenak ere bai. Eta Administrazio Publikoa beti bezala, beste aldera begira”, azaldu dute.