Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazi du ez duela Txara I erresidentzia itxiko
Atzo, hilak 3, ELA sindikatuak salatu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak Txara I erresidentzia ixteko asmoa zuela, baina aldundiak berak informazio hori gezurtatu du. Hala ere, ELAk adierazi du informazio hori ez dela faltsua, eta aldundiaren jarrera kontraesankorra salatu du. Izan ere, otsailaren 26an aldundiaren Gizarte Politiketako Sailak berak ohar baten bidez adierazi zuen Txara I erresidentziako kontratua berrituko ez zuela.
Honela dio adierazpenak: “2011ko apirilaren 1ean, mendekotasuna duten pertsonentzako zenbait gizate ekipamendu kudeatzeko emakida kontratua formalizatu zen honako behin behineko enpresa batasunarekin: BIZIKIDETZA UNITATEAK ABEE (…) Epemuga gertu dagoenez, jakinarazten da kontratuaren xedea ere bertan behera geratuko dela, egun indarrean dagoen segurtasun arauteriaren arabera luzaezinak diren ekintzak aurrera eraman beharra ezinbestekoa baita. Beraz, data horretarako zerbitzuaren erabiltzaileak banatu egingo dira”.
Txara I erresidentzian lan egiten duten pertsonen inguruan, honakoa dio adierazpenak: “Kontratistaren beharra eta erantzukizuna izango da dagokion egunerako amaitutzat jotzea zuzenbidearen arabera sortutako harreman guztiak, lanekoak eta/edo azpikontrataziokoak barne”.
ELAk, bestalde, prozesu guzti honetan aldundiaren komunikazio eta gardentasun falta salatu du: “Hiru aldiz deitu diegu eta ukatu egiten digute bilera eskaera. Dakigun guztia enpresak langileei esandakoa da, aldundiak ez baitigu ezer esaten”, zioen Aimar Etxeberriak, ELAren Donostiako Erresidentzien arduradunak.