Illunben 90 urtetik gorako pertsonak txertatzen hasiko dira
Illunbeko zezen plazan espazio zabaletako txertaketa kanpainaren probaldia abiatu zuten asteartean, hezkuntza arloko 55 urtetik beherako langileak eta udaltzainak txertatuz. Orain, 90 urtetik gorako pertsonei ere txertoa jartzen hasiko dira Illunben, gaurtik (hilaren 4tik) aurrera.
Anbulatorioak Donostialdeko 90 urtetik gorako herritarrak txertoa jartzeko hitzartzen hasiko dira gaur, eta Illunben txertatu ahal izateak lana arinduko die anbulatorioei. Donostialdean 90 urtetik gorako 660 pertsona daude –zaharren egoitzetan bizi ez direnak soilik hartzen dira aintzat, besteek txertaketaren aurreko faseetan jaso baitute txertoa–, eta zezen plazan, Bengoetxea kaleko osasun zentroan, Zarautzko DYAren aretoan, Errenteriako Reina aretoan eta Hernaniko kiroldegian txertatuko dituzte, besteak beste.
Txertoa jaso ondoren, pazienteek 15-20 minutu egon behar dute zain, medikazioak erreakziorik sortzen ote dien egiaztatzeko. 90 urtetik gorakoen txertaketa prozesua larunbatean amaitzea aurreikusten du Osakidetzak.