Lilatoi birtualak aurreikuspen guztiak gainditu ditu
Aurtengo Lilatoia, osasun egoera dela eta, birtuala izango da, eta 5.500 emakumek baino gehiagok eman dute izena. Apuntatzeko epea gaur gauean itxiko dute, eta Donostiako Atletikoko antolatzaileak pozik agertu dira emakumeen erantzunarekin: “Aurreikuspenik onenetan ere ez zuten uste hain kopuru handia lortzea. Gainera, formatu berri honekin, Euskal Herria zeharkatu eta Lilatonen izena eta mezua urrunago eramatea lortu du. Esan dezakegu Donostiako Atletiko kirol elkarteak bere burua berrasmatzea lortu duela babesleen laguntzarekin, eta lasterketa honetako protagonistekin, emakumeekin, alegia. 2.0 formatua geratzeko etorri da”.
Donostiako emakumeez gain, lasterketa birtuala izateak munduko hainbat tokitako emakumeek parte hartzea ahalbidetu du, eta Espainiako Estatuko hainbat lekutatik –Menorkatik, Granadatik eta Madrildik, besteak beste– zein Frantziako Estatutik, Norvegiatik, El Salvadortik, Perutik eta Belgikatik izena eman dute hainbat emakumek. Era berean, emakume askok taldean izena eman dutela nabarmendu dute antolatzaileek.
Bestalde, Donostiako Atletikok bideo bat osatu nahi du parte-hartzaileen argazkiekin, eta, horregatik, argazkiak bidaltzeko eskatu diete emakumeei. Whatsapp bidez bidali daitezke 652-75 45 58 telefono zenbakira, helbide elektronikoz lilaton@lilaton.es helbidera eta sare sozialetatik @LilatonDonostia etiketatuta edo aipatuta eta #AurtenEreOn traolarekin. “Helburua egun historiko honen berri ematea da; izan ere, egun historiko horrekin, berriz ere, emakumeek indarra erakutsi dute amore ez emateko eta borrokan jarraitzeko”, azpimarratu dute antolatzaileek.
Aurten, korrika egin ahal izateaz gain, oinez edo nordic walking bitartez, patinetan eta esku bizikletan egin ahal izango da. Taldeentzako izen-emate epea hilaren 1ean itxi zuten, baina norbanakoek gaur gauera arte eman dezakete izena, Lilatoiaren webgunearen bidez. Aurten, oinez egiteko aukera ere badagoenez, parte hartzeko gutxieneko adina 14 urtetik 9 urtera jaitsi dute. RockTheSport Virtual aplikazioan entrenamenduak izango dira, lasterketa prestatzeko. Horiek bukatzean, martxoaren 5ean, parte hartzaileak erabaki beharko du zein egunetan egin nahi dituen bost kilometroak. Aplikazioak korrikalariaren marka erregistratuko du, eta hori automatikoki sailkapenean gordeko da. Izan ere, aurten ere sailkapena eta sariak izango dira, eta hilaren 10ean argitaratuko dute sailkapena eta saridunak.