Milaka pertsona mobilizatu dira "zaintza publiko eta duin" baten alde
Zaintza arloko langileen hirugarren greba egunean, milaka pertsona atera dira Donostiako kaleetara, zaintza sistema “publiko, doako, unibertsal eta duin” bat eskatzeko. 2020ko azaroaren 17an egin zuten lehen greba Hego Euskal Herriko zaintzako langileek, eta urtarrilaren 16an bigarrena. Zaintza arloaren publifikazioa eskatzeaz gain, langileen baldintzak hobetzea ere esatu dute. Zaintza lanak duen aitorpen politiko, ekonomiko eta sozialaren falta salatu dute sindikatu gehienek, eta ratioak arautzeko adostasunez egindako dekretu bat eskatu dute.
Gaurko manifestazioan, hainbat sindikatuk eta eragile politikok hartu dute parte. Jendetsuena ELA sindikatuak deitutakoa izan da, baina LAB, ESK, CCOO, pentsiodunak eta Donostiako Itaia ere mobilizazioan egon dira, besteak beste.
Greba eskubidearen urraketa
ELAk salatu du langileen ehuneko handi bati “greba egiteko eskubidea galarazi” dietela: “Ezarri dituzten gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak izan dira. ELAk epaitegietan errekurtsoa aurkeztu zuen gutxieneko zerbitzu hauen aurrean, baina langile gehienei greba eskubidea ukatu diete”.
“Propaganda gutxiago”
Zaintza sektorea hobetzeko eskakizunak egiteaz gain, Gipuzkoako Foru Aldundiko agintari batzuk jopuntuan jarri dituzte, propagandarako “gezurrak” erabiltzen ari direla argudiatuz. Izan ere, Maite Peña aldundiko Gizarte Politikako Diputatuak adierazi zuen egoiliarren atentzio ratioa %10 igo dela, baina ELA eta LAB sindikatuek adierazpen hau itxuragabetuta zegoela adierazi zuten. Sindikatuen arabera, ratioen igoera hau ez da izan langile gehiago kontratatu dituztelako, baizik eta 450 ohe inguru libre utzi dituztelako, pandemiaren laugarren olatu hipotetiko bati aurre egiteko. “Nahiz eta ratioak gora egin, lan kargek eta lan erritmoak gora egiten jarraitzen dute”, adierazi zuen Leire Ormazabal LABeko ordezkariak.