8 koronabirus kasu positibo Donostian
Intzidentzia metatua 91,56koa da gaur, eta beheranzko joera mantendu da hirian. Amara Berrin gora egin du intzidentzia metatuak, eta Egian, Altza-Rotetan eta Amara-Erdialdean berdin mantendu da.
Eusko Jaurlaritzak argitaratu berri dituen datuen arabera, 8 koronabirus kasu positibo atzeman zituzten Donostian atzo. Horrela, intzidentzia metatua 91,56koa da gaur, eta beheranzko joera mantendu da hirian. Izan ere, atzo intzidentzia metatua 100,88koa zen, eta herenegun, berriz, 116,23koa. Hirian aste batzuk daramatza behera nabarmen egiten. Otsaila gune gorrian murgilduta hasi zuen Donostiak, eta orain eremu horian dago.
Intzidentzia metatuak proportzio bat neurtzen du; alegia, zenbat pertsona gaixotu diren azkeneko hamalau egunetan zati zenbat pertsona osasuntsu zeuden periodo horren hasieran; ondorioz, birusaren kutsatze abiadura erakusten du. Jaurlaritzaren irizpideen arabera, kopuru hori 500dik gorakoa denean, leku hori gune gorria dela esan nahi du, alegia, kutsatze maila altua dela leku horretan.
Joan den astean 100 urtetik gorako pertsonek jaso zuten txertoa, eta atzo 90 urtetik gorakoekin hasi ziren Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban. Gainera, Osakidetzak espazio handietako txertaketa prozesuari ekin dio aste honetan, Illunbeko zezen plazan abiatu duen probaldi fasearekin. Hezkuntza arloko 55 urtetik beherako langileak –irakasleak eta jangeletako langileak– txertatzen ari dira Illunben, Astra Zeneca txertoarekin. Era berean, Sagarduik nabarmendu du balitekeela Donostialdeko ESI-aren irizpideen arabera hautatutako beste kolektibo batzuk ere Illunben txertatzea.
Intzidentzia osasun eremuka
Zazpi osasun-eremutan egin du behera intzidentzia metatuak. Amara Berrin gora egin du, eta Egian, Altza-Rotetan eta Amara-Erdialdean berdin mantendu da:
- Egia: 148,79
- Aiete: 112,31
- Parte Zaharra: 108,38
- Ondarreta: 98,09
- Bidebieta: 97,13
- Altza-Roteta: 71,45
- Amara Berri: 70,76
- Intxaurrondo: 70,10
- Gros: 57,41
- Amara-Erdialdea: 44,07
- Loiola: 27,26
Kasu positibo kopuruari erreparatuz, jarraian ikus daitezke atzoko datuak:
- Aiete: 2
- Egia: 2
- Amara Berri: 2
- Amara-Erdialdea: 1
- Parte Zaharra: 0
- Intxaurrondo: 0
- Bidebieta: 0
- Loiola: 0
- Ondarreta: 0
- Gros: 0
- Altza-Roteta: 0