Aitor ikastolako irratsaioekin gozatuz
Aitor Ikastolaren Irrati proiektuak 25 urte bete ditu. LH-ko 1.go mailatik 6. mailara, ikasle guztiek parte hartzen dugu Irrati proiektuan. Gure irratsaioak ikastolan bertan grabatzen ditugu eta auzoko Ttan Ttakun irratiarekin lotura eginez, FM 107.2n entzun daitezke. Ttan-ttakunek oso entzule eremua zabala du eta Donostialde osora iristen da.
Aitor ikastolako irratsaioak astean bitan egiten ditugu, astearte eta ostegunetan, urtarriletik maiatza bitartean. Saio bakoitzak ordu erdiko iraupena du, eta egun berean, Ttan-Ttakuneko irratitik entzun daiteke arratsaldeko 16:00etatik 16:30era. Hortik aurrera, Ttan Ttakunen webgunean, nahi denean entzungai dago.
Julen Etxeberria gure ikastolako zuzendariak adierazi digunez, 1996an jarri zen martxan proiektua, bera zuzendari zela, Eleni Zabaletarekin batera. Jada 25 urte igaro dira. «Garai haietako eta egungo irratsaioak ez dira berdinak, orduan ia egunero emititzen genuen, eta oso entzule eremu txikiarentzat izaten zen. Gaur egun, berriz, astean bitan izaten dira eta Ttan Ttakunen bidez Donostialde osoan entzuten da», aipatu digu Julenek. Irratsaioak zuzenean ematen zirenez lehiaketak, elkarrizketak eta abar bat-batekoak izaten ziren.
Ibilbide emankorra
Irrati egitasmoaren balorazio oso positiboa izan da: «Proiektuak euskara zabaltzea du helburu nagusi. Bestalde, Egia auzoarekin lotura mantentzen dugu, gure irratsaioak Ttan Ttakunera bidaliz, eta Txondorran, auzoko talde eragileen taldean parte hartuz», azaldu digu Etxeberriak.
25 urte hauetako balorazioa eskatzean, adierazi digu: «Oso harro nago egiten duzuen lanarekin, bere helburuak betetzen dituelako; euskaraz idatzi eta mintzamena lantzen duelako; eta nola ez, sormena ere garatzen delako».
Ttan-ttakun irratiko Asier Mendizabalek azaldu digunez, «Ttan Ttakun irratia Donostiako irrati euskaldun librea da, eta mota guztietako irratsaioek osatzen dute, gai desberdinak jorratzen dira eta adin mota guztietako jendea dabil. Gazteenak Aitor ikastolako ikasleak dira».
FM bidez edo streaming bidez entzun daiteke. Mendizabalen hitzetan, «Ttan Ttakun irratiari izugarrizko poza ematen digu kolaborazio honek, alaitasuna, freskotasuna eta gai interesgarriak ekartzen dizkigulako. Euskara erabili eta zabaltzen laguntzen dute, eta gainera, gazteengan irratigintzarekiko interesa pizteko aukera ematen du, eta nork daki, ikasle horiek, agian, beraien irratsaio propioa egiten bukatu dezakete Ttan Ttakun irratian. Gogoa besterik ez da behar».
Ikasleon balorazioa ere oso positiboa da. Guk geuk egindako inkesta baten arabera, ikasle gehienei (%80-k) asko gustatzen zaie egitasmoa. Ikasteko baliagarria den galdetuta, ia guztiak bat datoz tresnaren garrantzian: %95ek dio asko edo nahiko ikasten duela. Eta ia guztiek jarraitu nahi dute irratsaioetan parte hartzen (%90-ek).
Urteurrenarekin batera, berrikuntza teknologikoa ere izan dugu ikastolan: Soinu mahaia oparitu digute Ttan-ttakuneko kideek eta zinez eskertuak gaude.
Irratsaioen antolaketa
Irratsaioak taldeka prestatzen ditugu. Irakasleak gidoi eredu bat partekatzen digu, eta denon artean hitz egin eta adosten ditugu lanak; zer gai jorratuko ditugun eta bakoitzak egingo duen lana.
Jarraian, bakoitzak esan behar duen zatia entsaiatu eta ikasten du. Normalean honako atalak lantzen ditugu: Egia eta Donostiako albisteak, txisteak, asmakizunak, liburu gomendioak, errezetak eta ikastolako ikasleen urtebetetzeak.
Egilea: Aitor Ikastolako LH6. mailako ikasleak