Birtualki ere, Lilatoiarena izango da asteburua
Emakumeak kalera aterako dira asteburu honetan ere, Lilatoia egitera. Aurten, ordea, bakoitzak bere kabuz egin beharko du, aplikazio baten bidez denbora erregistratuta. Horrela ere, 5.000 emakumek baino gehiagok jantziko dute dortsala.
Iaz, Lilatoia izan zen koronabirusaren krisia heldu aurretik Donostian egin zen azken kirol ekitaldi jendetsua, handik bi astera alarma egoera ezarri baitzuten. Urtebete beranduago, oraindik ezinezkoa da kirol proba handirik egitea, baina Lilatoia presente egongo da aurten ere: «Modu sinbolikoan egiteko aukera aztertu genuen, baina egitasmo handiegia da ekitaldi txiki bat egiteko. Horrela, modu birtualean egiteko erabakia hartu genuen, eta argi gelditu da jendeak gogoa zuela», azaldu du Edurne Martinez de Trebiñok, Donostiako Atletikoko komunikazio arduradunak. Iaz 6.300 emakume inguruk hartu zuten parte, eta aurten ez dira oso urruti gelditu, igandean gainditu baitzuten 5.000 izen-emateen langa.
Parte-hartzaileek dortsala soinean jarri eta lasterketako bost kilometroak euren kabuz egingo dituzte gaur, bihar, etzi edo etzidamu, nahi duten ibilbidea jarraituz. RockTheSport Virtual aplikazioaren bidez, Lilatoiko antolatzaileek entrenamenduak proposatu dizkiete emakumeei, eta, lasterketa egiten duten egunean, aplikazioak automatikoki erregistratuko du bakoitzaren denbora. «Aplikazioarekin moldatzen ez direnek denbora helbide elektroniko bidez bidali ahal digute, eta guk eskuz erregistratuko dugu», gaineratu du Atletikokoak. Bestalde, #AurtenEreOn traola sortu dute, parte-hartzaileen argazkiak jasotzeko.
Formatu birtualak lasterketa nazioartean zabaldu du, Martinez de Trebiñoren arabera: «Formatuak aukera eman digu Lilatoiaren izena Euskal Herritik eta Euskal Herritik kanpo zabaltzeko: Espainiako emakume askok ere izena eman dute, eta Ekuadortik eta El Salvadortik 70 izen-ematetik gora iritsi dira». Ikastetxeetatik ere talde batzuk atera dira, eta mutikoekin berdintasunaren gaia jorratzeko aukera eskaini die Martinez de Trebiñok: «Irakasleek galdetzen didate, ‘zer egingo dut mutilekin?’. Nik eztabaida bat garatzeko gida moduko bat bidaltzen diet, mutilekin hausnartzeko Lilatoiaren beharraren inguruan».
Aurten, korrika, patinetan eta esku bizikletan egiteko ohiko aukerez gain, oinez egiteko aukera ere jarri dute, eta horrek jende gehiago animatu duela azpimarratu du Martinez de Trebiñok: «Oinez egin daitekeenez, parte hartzeko gutxieneko adina 14 urtetik 9ra jaitsi dugu, eta adin tarte horretako neska askok eman dute izena. Bestalde, 75 urtetik gorako dezentek ere oinez egingo dituzte bost kilometroak». Horregatik, formatu birtuala gelditzeko etorri dela nabarmendu du Atletikokoak: «Espero dugu datorren urtean lasterketa betiko moduan egin ahal izatea, baina lasterketa birtuala horrekin bateragarria da, jende pilaketak saihestu nahi dituztenek eta Donostiatik kanpo daudenek ere Lilatoia egiteko aukera dutelako».
Maialen Aginagalde da Lilatoi birtuala egingo duen emakumeetako bat, eta kuadrillakoekin eman du izena: «Zazpi lagunek eman dugu izena, Putibuelta izenarekin. Igandean egingo dugu, Pio XII.aren plazatik abiatuta. Ibaia jarraituz, Sagueseraino joango gara, oinez. Ondoren, pote bat hartzera joango gara, eta bazkaltzera. Lilatoiaren aitzakiarekin, egun osoko plana egin dugu».
Aginagalderen kasuan, lehenengo urtea da, eta birtualki egitea oso aukera ona dela nabarmendu du: «Aukera gehiago eskaintzen ditu, nahi duzun egunean egin dezakezulako. Agian, hemendik aurrera urtero animiatuko naiz».
Helburuak ez dira aldatu
Modu birtualean izango bada ere, Lilatoiaren helburuak argiak dira: «Ondo pasatzeko egingo dugu, baina baita inoiz baino garrantzitsuagoa delako emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak azaleratzea», azpimarratu du Aginagaldek. «Gizonak eta emakumeak norabide berean joan behar dugu, baina Lilatoiaren egunean emakumeek izan behar dute protagonistak», gaineratu du Martinez de Trebiñok.
Helburu horrekin aterako dira kalera Aginagalde eta bere lagunak, eta Lilatoiko espiritua presente egongo dela nabarmendu du: «Bakoitzak bere kabuz eginda ere, ziur kalean giroa egongo dela, eta primeran pasako dugula».
HITZA TALDERIK EZ, KORONABIRUSA DELA ETA
Urtero, Lilatoiko HITZA taldea antolatu ohi du IRUTXULOKO HITZAk beste eskualdeetako Hitzekin batera. Aurten, ordea, talderik ez antolatzeko erabakia hartu genuen, pandemia dela eta. Taldeko emakume asko beste eskualdeetatik etortzen dira, eta pandemiaren testuinguruan, ez da erraza udalerrien artean mugitzea. Iaz, esaterako, talde handiena Ondarroatik etorri zen: 70 bat lagun. 2020a, gainera, urte berezia izan zen HITZA taldearentzat, hamar urte bete baitzituen. Guztira, 103 emakume elkartu ziren gure taldean.