Josu Ordoñez eta Mikel San Argimiro preso donostiarrak hurbilduko dituzte
Espainiako Gobernuak iragarri du bost euskal preso Euskal Herriko edo inguruko espetxeetara lekualdatuko dituela, euren jaioterrira hurbiltzeko. Horietako bi donostiarrak dira: Mikel San Argimiro Isasa eta Josu Ordoñez, hain justu. San Argimiro Euskal Herriratu egingo dute, Donostiara ekarriko baitute, Martuteneko kartzelara. Ordoñez, aldiz, hurbildu egingo dute, baina ez Euskal Herriratu; Salamancako Topas espetxera eramango dute.
San Argimiro 2002tik dago preso, eta gaur egun Sorian dago, Euskal Herritik 260 kilometrora. 25 urteko kartzela zigorra ezarri zioten, beraz, beteak ditu zigorraren hiru laurdenak. Ordoñez, aldiz, Puerto I espetxean dago (Andaluzia, Espainia, 1.020 kilometro) eta Topasera (Salamanca, Espainia, 460 kilometro) lekualdatuko dute. Ordoñezek ere zigorraren hiru laurdenak beteta ditu, 2007an 17 urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri baitzioten.
San Argimiroz eta Ordoñezez gain, Asier Karrera Arenzana eta Aitor Esnaola Dorronsoro Euskal Herriratu egin dituzte, eta Gorka Martinez Ahedo hurbildu. Esnaola San Argimirorekin batera dago Sorian, eta bera ere Martutenera ekarriko dute. Karrera, aldiz, Zaballara (Araba) eramango dute; Dueñasen (310 kilometro) dago gaur egun. Martinezi dagokionez, Laman (Galizia, 740 kilometro) dago gaur egun, eta El Duesora mugituko dute (Kantabria, Espainia, 170 kilometro).