Zuzenketa: Euskal Trenbide Sareak ez ditu orain abiatu Kontxako arkupeetako lurra sendotzeko lanak
Udalak ostegunean argitaratutako albiste bateko informazioa aintzat hartuta, hedabide honek Euskal Trenbide Sarea (ETS) Kontxako hondartzaren inguruan egiten ari den lanen inguruko albiste bat argitaratu du goizean. Albisteak zioen ETS-k orain abiatuko zituela Kontxako arkupeetako lurra sendotzeko lanak, metroaren igarobidearen lanak direla eta. Hain zuzen, iazko ekainaren 5ean gertatutako luiziaren ondoriozko lanak zirela zioen.
Albiste hori, ordea, ez zen zuzena, udalak bere webgunean argitaratutako informazioa iazko abuztuaren 3koa baitzen; orduan abiatu zituen lan horiek ETS-k. Udalak azaldu duenez, “akats informatiko bat” izan da: “Informatikoek azaldu digute ez dakitela zergatik, baina atzo abuztuaren 3ko informazio bat azalean argitaratu zela, atzokoa balitz bezala”. Akatsaz ohartu denean, udalak albistea kendu du bere webgunetik, hedabide honek egin duen moduan.