Muebles Eceiza saltoki historikoaren fatxada mantenduko dute
Gipuzkoa plazako Muebles Eceiza saltoki historikoaren fatxada babestuko dute, eta hor eraikiko duten garaje robotizatuaren sarrera izango da. Hala jakinarazi du Ancora Ondarearen Babeserako elkarteak, udaleko hirigintza sailaren informazioa jaso ondoren.
Muebles Eceizak urtarrilaren 31n ixi zituen ateak behin betiko, 1868tik irekita egon ostean. Hamabost etxebizitza, hamabost trasteleku eta hamazazpi aparkaleku egingo dituzte saltokiaren eraikinean, eta Ancorak otsailean eskatu zuen “gutxienez” fatxada bere horretan mantentzeko. Barrualdea guztiz aldatuko dute, baina udalak fatxada babestuko du azkenean.
Era berean, saltokiaren balio arkitektonikoa aldarrikatu zuten: “Gaur egungo lokalak, Ramon Cortazarrek 1919an diseinatutakoak, balio historiko arkitektoniko nabaria du. Leihoaren irekidura etorkizuneko garajerako sarrera gisa erabili nahi dute, marmol arrosa eta zuria duen estaldura kendu ondoren, pilastrak, kapitelak eta brontzea kenduta. Barrualdean boiserie bat, igeltsuzko moldura dotoreak eta Errenazimentuko inspirazioko zutabeak daude. Atzean, eskailera neo-euskaldun dotorea eta haritz hostoz landutako habeak, estetika bera jarraituz. Hori guztia auto igogailu prosaiko batean bihurtuko da”.
Ancora pozik agertu da fatxada mantentzearekin, eta eskerrak eman dizkie udalari saltokia babesteko eskatu zioten guztiei. Izan ere, elkarteak herritarrei eskatu zien udalari iradokizunak bidaltzeko, establezimendu historikoa eskatuz.