Oposizioak 248 zuzenketa aurkeztu dizkio udal gobernuaren aurrekontu proposamenari
Atzo bukatu zen EAJren eta PSE-EEren udal gobernuaren 2021eko aurrekontu zirriborroari zuzenketak aurkezteko epea. EH Bildu eta Elkarrekin Donostia udal taldeek osoko zuzenketa aurkeztu dute, eta PP prest agertu da aurrekontuak babesteko. Era berean, oposizioko hiru alderdiek 248 zuzenketa partzial aurkeztu dituzte. Udal gobernua bilerak egiten ari da oposizioko alderdiekin akordio zabalago bat lortzeko asmoarekin. Izan ere, aurtengo aurrekontuak onartzeko gehiengoa dute.
EH Bilduk 114 zuzenketa partzial eta osoko zuzenketa bat aurkeztu dizkio aurrekontu zirriborroari. Foru Funtseko partida berriak pandemiak eragindako larrialdiei aurre egiteko erabiltzeko eskatu du udal taldeak. Orain arte bi bilera egin dituzte udal gobernuarekin, eta kritiko agertu dira egindako proposamenen ostean erantzunik jaso. EH Bilduk adierazi duenez, udal gobernua beraiek egindako proposamenak entzutera mugatu da. Hiriaren erronkei aurre egiteko neurri zehatzak aurkeztu dituzte, 22.587.000 euroko gastuarekin: Larrialdi soziosanitarioa, zaintza sistema berri baterantz; Etxebizitza larrialdiari aurre egiteko neurriak; Larrialdi klimatikoaren adierazpena ezartzen hastea; eta pertsonen eta auzoen arteko desberdintasunak haustea. EH Bilduren proposamenak an koadratuta daude gastu eta diru-sarrerei dagokienez.
Elkarrekin Donostiak, berriz, 117 proposamen aurkeztu ditu, 7.128.200 euroko gastuarekin. Donostiarrak babestuko dituen hiri baten aldeko zuzenketak dira, zortzi multzotan sailkatu dituztenak: Feminismoa, berdintasun politikak eta zaintza sektorea; etxebizitza; enpleguaren eta ekonomiaren sustapena; jasangarritasuna, ingurumena eta mugikortasun jasangarria; osasuna, gizarteratzeko eta gizarte kohesiorako politikak; herritarren partaidetza; eta kultura eta euskara.
Azkenik, PPk 17 zuzenketa aurkeztu ditu eta guztiak ekonomia alorrekoak dira. 7 milioi euro ingurukoa gastua dute, eta pandemiaren askotariko kalteei aurre egiteko lirateke. Horrekin batera, hiriaren lehiakortasunari, mugikortasun bertikalara eta oinezkoen zein bizikleten arteko harremanari buruzkoak dira egin dituzten proposamenak.