Arrobitxulo parkean bolatokia jartzeko lanak egiten ari dira
Herrerak bolatokia berreskuratuko du. Herrera eta Intxaurrondo artean dagoen Arrobitxulo parkean jarriko dute, eta pasa den astean hasi ziren lanekin. Proposamena, aldiz, zaharragoa da. Izan ere, Herrerako Herripe auzo elkarteak duela bi urte aurkeztu zuen bolatokia berreskuratzeko proposamena. Bere garaian Herrerako frontoiaren ondoan zegoen bolatokia, baina duela hamar urte bota zuten Topoaren trenbide zein estazio berriaren lanengatik.
Ekitaldeko Barrutiaren 2019ko aurrekontuetan jaso zuten proposamena, baina udalak iazko urte bukaeran onartu zuen bolatokia egiteko proiektua. Donostia Kirolak otsailean adjudikatu zizkion lanak Etxaide enpresari, eta kostua 176.893 eurokoa izango da –235.000 euroko aurrekontua zuen–. Obra bukatzeko epea lau hilabetekoa izango da, eta udalak aurreikusten du uda bukaerarako edo udazkenerako bukatuta egotea. Bolatokia estalia izango da, eta 300 metro karratu inguru izango ditu. Publikoarentzako espazioa izango du eta biltegi txiki bat ere egingo dute materiala jaso ahal izateko.
Toka, botea eta petanka ere
Bolatokiaren ondoan tokan aritzeko gunea jarriko dute, baita botearena ere, baina bi horiek ez dira estalita egongo. Petanka gune bat ere jarriko dute Arrobitxulon, baina parkea zeharkatzen duen bidearen beste aldean egokituko dute. Zehazki, helduentzako ariketak egiteko zirkuituaren erdian. 100 metro karratu ingurukoa izango da.