Emakume adina ahots, gaur arratsaldeko manifestazio feministan
Donostiako kaleak morez jantzi dituen manifestazioak jendetza bildu du, eta emakumeen eskubideen aldeko aldarriak entzun dira hirian. Denetariko emakumeek hartu dute parte manifestazioan, eta guztiek nahi bera dute: berdintasuna.
Kontxi, zapi morea buruan, bere lagunekin batu da manifestaziora: “Emakumeon eskubideak aldarrikatzera etorri gara. Urtero etortzen gara manifestaziora, eta egun berezia da guretzat. Orain dela urte pila bat hasi ziren emakumeak borrokan, eta guri jarraitzea dagokigu. Gauza txiki batzuk lortu ditugu, baina asko dugu borrokatzeko oraindik”, adierazi du.
“Emakumeon berdintasuna defendatzeko” atera da kalera Amaia, eta bat dator Kontxik esandakoarekin: “Oraindik borroka asko ditugu, eta egunerokoan egiten ditugun borrokak ikusteko eguna izan dadila gaurkoa”. Esther, berriz, manifestazioaren erdialdean dago, eta argi dauka: “Martxoaren 8a denez, kalera ateratzea ezinbestekoa da”.
Ana hor inguruan ibili da, bere lagun batzuekin: “Nire ustez, garrantzitsua da emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna aldarrikatzea: hori da azkenean feminismoak bilatzen duena”. Cari, berriz, pentsionista da, eta feminista: “Gaur goizean pentsionistok egin dugun manifestazioan izan naiz, eta emakume moduan, galdu behar ditugula diruditen eskubide horiek aldarrikatzera nator. Batez ere, gazteengatik nator: bizitza errazagoa zor diegu”. Arantxa ere erretiratua dago, eta bere iritziz, “arrakala handia” hautsi behar da.
Inge neska* gaztea da: “Gure aldarrikapena da gaur egungo sistemari aurre egitea, eta horregatik, sistema arrakalatu behar dugu”.
Leire Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistako kidea da, eta bere iritziz, martxoaren 8an seinalatu behar da “instituzio burgesek genero zapalkuntzaren betikotzean betetzen duten funtzioa”. Hainbat arrazoirengatik: “Batetik, genero zapalkuntzaren espresio desberdinei errealki erantzuteko ezintasuna dutelako, haien interesekiko kontrajarria den heinean. Bestetik, arduragabekeria batekin begiratzen dute genero zapalkuntza: nolabait genero zapalkuntzaren espresio desberdinei aurre egiteko mekanismoak martxan jartzen dituzten arren, genero zapalkuntza errotik gainditzeko asmorik edo borondaterik ez dute. Beraz, denetariko instituzioak seinalatu ditugu”.