11 koronabirus kasu positibo Donostian
Intzidentzia metatua 83,89koa da gaur, eta behera egiten jarraitzen du. Gainera, herrien konfinamendu perimetrala bertan behera uztea erabaki du LABIk, eta gaurtik aurrera Araba, Bizkai eta Gipuzkoa artean ibili ahal izango da.

Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, 11 koronabirus kasu positibo atzeman zituzten Donostian atzo. Horrela, intzidentzia metatua 83,89koa da gaur, eta behera egiten jarraitzen du. Izan ere, intzidentzia metatua 86,63koa zen atzo, eta 91,56koa, berriz, ostiralean. Hirian aste batzuk daramatza behera nabarmen egiten. Otsaila gune gorrian murgilduta hasi zuen Donostiak, eta orain eremu horian dago.
Intzidentzia metatuak proportzio bat neurtzen du; alegia, zenbat pertsona gaixotu diren azkeneko hamalau egunetan zati zenbat pertsona osasuntsu zeuden periodo horren hasieran; ondorioz, birusaren kutsatze abiadura erakusten du. Jaurlaritzaren irizpideen arabera, kopuru hori 500dik gorakoa denean, leku hori gune gorria dela esan nahi du, alegia, kutsatze maila altua dela leku horretan.
Herrien konfinamendu perimetrala bertan behera uztea erabaki du LABIk, eta gaurtik aurrera Araba, Bizkai eta Gipuzkoa artean ibili ahal izango da. Horrela ere, gainerako neurri murriztaileek indarrean jarraituko dute. Hala nola, gaueko mugikortasuna –22:00etatik 6:00etara– eta ostalaritzaren itxiera 20:00etan. Horrekin batera, elkartzeak gehienez lau pertsonakoak izan daitezke.
Txertaketa prozesuari dagokionez, duela bi aste 100 urtetik gorako pertsonek jaso zuten txertoa, eta joan den astean 90 urtetik gorakoekin hasi ziren Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban. Gainera, Osakidetzak espazio handietako txertaketa prozesuari ekin zion aurreko astean, Illunbeko zezen plazan abiatu zuen probaldi fasearekin. Hezkuntza arloko 55 urtetik beherako langileak –irakasleak eta jangeletako langileak– txertatzen ari dira Illunben, Astra Zeneca txertoarekin.
Intzidentzia osasun eremuka
Lau osasun-eremutan egin du gora intzidentzia metatuak: Egian, Bidebietan, Altza-Rotetan eta Intxaurrondon. Aieten, Amara-Erdialdean, Amara Berrin eta Loiolan berdin mantendu da, eta gainerako osasun-eremuetan behera egin du:
- Egia: 135,26
- Aiete: 128,35
- Bidebieta: 97,13
- Altza-Roteta: 91,86
- Parte Zaharra: 79,48
- Intxaurrondo: 70,10
- Ondarreta: 67,65
- Amara-Erdialdea: 58,76
- Amara Berri: 58,46
- Gros: 54,03
- Loiola: 0,00
Kasu positibo kopuruari erreparatuz, jarraian ikus daitezke atzoko datuak:
- Egia: 2
- Amara Berri: 2
- Intxaurrondo: 1
- Ondarreta: 1
- Aiete: 1
- Altza-Roteta: 1
- Bidebieta: 1
- Gros: 1
- Amara-Erdialdea: 0
- Parte Zaharra: 0
- Loiola: 0