80 urtetik gorakoak txertatzen hasiko da Osakidetza aste honetan
Eusko Jaurlaritzak iragarri duenez, 80 urtetik gorako pertsonak COVID-19aren aurka txertatzen hasiko dira aste honetan Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban. Gainera, 55 urte baino gutxiagoko pertsonen kasuan, hainbat kolektibo hasiko dira txertatzen aste honetan: Etxeko Arreta Zerbitzuko profesionalak, Haur Hezkuntzako eta Hezkuntza Bereziko hezkuntza eremuko profesionalak, espetxeetako funtzionarioak, farmaziako bulegoetako profesionalak, Ertzaintza, Polizia Nazionala, Guardia Zibila, Auzitegiko Medikuntzako Euskal Erakundeko profesionalak, fisioterapeutak, unibertsitateaz kanpoko irakasleak, gazteen justizia-zentroetako langileak, psikologoak, podologoak, optometristak, albaitariak, hortz protesigileak, arrantzaleak, aterpetxeetako langileak, eta migranteen eta errefuxiatuen harrera-zentroetako langileak, besteak beste.
80 urtetik gorako pertsonei telefonoz deituko diete Osakidetzakoek hitzordua emateko, baina gainerako pertsona taldeek hitzordua on line eskatzeko aukera izango dute, Osakidetzaren webgunean.
Duela bi aste 100 urtetik gorako pertsonek jaso zuten txertoa, eta joan den astean 90 urtetik gorakoekin hasi ziren Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban. Aurreko astean ere hasi ziren udaltzainei, mugikortasun agenteei eta suhiltzaileei txertoa jartzen. Gainera, Osakidetzak espazio handietako txertaketa prozesuari ekin zion aurreko astean, Illunbeko zezen plazan abiatu zuen probaldi fasearekin. Hezkuntza arloko 55 urtetik beherako langileak –irakasleak eta jangeletako langileak– txertatzen ari dira Illunben, Astra Zeneca txertoarekin.