'Fadoak entzuten zituen gizona' antzezlanak irabazi du Donostia Antzerki Saria

Xake produkzioak konpainiaren Fadoak entzuten zituen gizona antzezlanak irabazi du XXI. Donostia Antzerki Saria. Epaimahaiaren ustez, “maskulinitatearen gaia oso ondo lantzen du eredu desberdinak erabiliz, eta emakumearekin lotzen den kantu mota bat, fadoa, abiapuntutzat hartuta”. Hilaren 27an taularatuko dute Viktoria Eugenia Antzokian, 18:30ean.
Epaimahaiak balio berezia eman dio antzezlan sarituaren kontakizunari: “Izan ere, originaltasun handiz garatzen da ohikoa ez den pertsonaia bat argumentutik kanpo sartuz, eta taula gainean oso emaitza erakargarria eta desberdina lortzen da, kutsu surrealista bat emanaz”.
Marka guztiak hautsiz
Iaz, COVID-19a dela eta, kultur eskaintza guztia hiru hilabetez etenda egon arren, Donostia Kulturak eta Udako Euskara Zerbitzuak euskarazko helduentzako antzerki profesionalaren aldeko apustua egiten jarraitu zuten: 18 antzezlan eta 44 emanaldi egin ziren, eta, guztira, 9.751 ikusle izan ziren emanaldi horietan.