Pepe Rei kazetaria hil da
Egin egunkariko ikerketa sailaren zuzendari izan zen Pepe Rei, eta 1998an Garan jarraitu zuen, Egin itxi ostean. 2000. urtean Ardi Beltza aldizkaria sortu zuten, eta Rei bertako zuzendaria zen, 2001. urtean Baltasar Garzon epaileak aldizkaria ixteko agindua eman zuen arte. 2001eko urtarrilaren 18an atxilotu zuten Ardi Beltzaren Oreretako egoitzan, eta urte bereko uztailean askatu zuten, akusazioak ezin izan zituztelako frogatu. Intxaurrondoko Guardia Zibilaren kuarteleko tortura kasuak argitaratzeagatik zen ezaguna, eta bere bulegoa behin baino gehiagotan miatu zuen poliziak, Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren aginduz.
2002ko abuztuan auto istripu bat izan zuen Reik, eta kazetaritza utzi behar izan zuen. Loiolan bizi izan da bere azken urteetan, eta 21. Korrikan, 2019an, lekukoa eraman zuen bere auzoan.