Urumeara erori zen ertzainen patruilak izandako istripuaren inguruko azalpenak eskatu dizkio EH Bilduk alkateari
Pasa den abenduaren 30ean, duela ia bi hilabete eta erdi, Ertzaintzaren patruila auto bat Urumea ibaira erori zen 3:30ak aldera, Egiako tuneletik ateratzean Maria Kristina zubiko hesia hautsi ondoren. Autoan zihoazen bi agenteetako bat hil egin zen, eta bestea hotzak jota atera zuten. Oraindik, ordea, ez dago gertatutakoaren inguruko azalpen ofizialik, eta, horregatik, EH Bilduk azalpenak eskatu dizkio Eneko Goia alketari.
“Gertatutakoari buruzko informazio eta espekulazio nahasiek jarraitu zioten hasierako harridurari, eta Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak gerora egindako adierazpenek, istripua “zorigaitz multzo bati” leporatuta, ezin izan zituzten horiek desagerrarazi”, azaldu du oposizioko alderdiak udalean aurkeztutako interpelazioan, eta gogoratu du argitaratu den “datu garrantzitsuenetako bat patruila autoaren kristalak bi bala inpaktu zituela” dela.
Ikerketa Udaltzaingoak darama, eta EH Bilduk azaldu du “behin baino gehiagotan” eskatu diela ikerketako txostena alkateari eta Martin Ibabe Herri Segurtasuneko zinegotziari: “Idatziz eskatu genuen lehen aldian, aurtengo otsailaren 1ean, idatziz erantzun ziguten, gehienez ere hamabost eguneko epean amaituta egongo zela; hilabete horretako 15ean —beste eskaera baten ondoren— erantzuna izan zen (ahozkoa, kasu honetan) izapideak amaitzen ari zirela, eta hirugarren aldian, martxoaren 1ean, ez dugu erantzunik jaso, ez idatzirik ez hitzezkorik”. Era berean, salatu dute beraiek informazio ofizialik ez duten bitartean hedabide batzuek “filtrazioak” argitaratzen dituztela, “iturri ofizialak” aipatuta.
Horregatik, alkateari galdetu diote zergatik ez duten txostena agindutako epean jaso, zergatik izaten ari diren filtrazioak hedabide batzuetara, ea filtrazio horiek ikertuko dituen eta ea udal gobernuari “normala” iruditzen zaion istriputik bi hilabete eta erdira “udalbatza osatzen duten taldeek eta donostiarrek” oraindik gertatutakoaren nondik norakoak ez ezagutzea.