'Esplotatzailea zu zara!'
Gipuzkoako eraikinen eta aretoen garbitzaileek patronalari Esplotatzailea zu zara! abestu diote Easo plazan, Bortxatzailea zu zara! performance ezaguna moldatuz. Ekintza honekin Gipuzkoako garbitzaileen egoera prekarioa salatu nahi izan dute langileek, eta baldintza egokiak bermatzeko lau eguneko greba aldarrikatu dute, martxoaren 15, 16, 17 eta 18an egingo dutena.
Soldata arrakala eta lanaldi partzialak sektore honen arazo nagusitzat jo dituzte. Bestalde, politikariek oinarrizko lantzat jotzen duten arren, baldintzetan nabaritzen ez dela adierazi dute: “Garbiketa oinarrizkoa da? Orain erakustea falta da”. Langileen egoera esplotazioa dela azpimarratu dute, eta patronala, bitartean, diruduntzen ari dela diote.
Sektore feminizatuak borrokan
Emakumeak langileen gehiengoa diren hainbat sektoretako beharginak haien baldintzak hobetzeko borrokan daude azken urteetan. Gipuzkoako zaharren egoitzetako langileek, esaterako, 247 greba egun egin dituzte orain arte, 2018ko irailean borrokan hasi zirenetik. Zaintza sektoreko langileek ere hirugarren greba eguna izan zuten martxoaren 4an, eta orain garbitzaileek lau eguneko greba egingo dute.