"Oso momentu ona bizitzen ari dira euskal ekoizpenak"
Loreto Mauleon aktore donostiarrak Arantxa pertsonaiaren rola egin du 'Patria' telesailean, eta bere lana saritu egin dute, Feroz saria irabazi baitu. Mauleonek bere ibilbidea errepasatu du hedabide honekin egindako elkarrizketan, Zurriola ikastolako antzerki taldean aritzen zenetik Feroz sariraino. Elkarrizketa osoa IRUTXULOKO HITZAren astekarian eta webgunean irakurri ahal izango da, ostiraletik aurrera.
Madrilen bizi bada ere, Mauleonek hurbiletik jarraitzen du Euskal Herrian egiten ari diren ikus-entzunezko ekoizpenak, eta horri buruz ere hitz egin du hedabide honekin:
Faltan botatzen duzu euskal ekoizpenetan parte hartzea?
Pilo bat gustatuko litzaidake euskaraz lan egitea. Gainera, oso momentu ona bizitzen ari dira orain euskal ekoizpenak.
‘Goenkale’-ren ondoren, fikziozko euskarazko ekoizpenen hutsune bat izan zen ETB1-en, baina orain badirudi bide hori berrartu nahian dabiltzala.
Bai, ari dira, eta garrantzitsua da. Batez ere, ekoizpen berriak ikusi ahal izateko eta Euskal Herriko aktore gazteek lan egiteko aukera izan dezaten. Oso aktore onak daude Euskal Herrian, eta askok oraindik ez dute lan egiteko aukerarik izan.
Era berean, Patria telesailari buruzko galderak ere erantzun ditu, eta nabarmendu du telesailean islatzen dena “errealitate bat” baino ez dela:
Telesailean parte hartu aurretik ezagutzen zenuen Fernando Aranbururen eleberria?
Bere garaian, ikusten nuenez mundu guztiak irakurtzen zuela, esan nuen, ‘nik ere irakurri beharko dut!’. Irakurri nuenean, Arantxaren pertsonaiarekin katigatuta gelditu nintzen hasieratik, eta pentsatu nuen, ‘zein zaila, baina zein polita izango litzatekeen horrelako pertsonaia bat egitea’. Beraz, pentsa, pertsonaia eman zidatenean denetarik sentitu nuen. Gerora, beldurra sentitzen hasi nintzen: ez nekien nola interpretatuko nuen ictusarena, zortzi ataletan ematen den 20 urteko aldaketa, eta abar. Jende ugarik zuen liburua irakurrita, eta telesaila ikusteko gogoz zeuden, beraz, horrek ere presioa sartzen dizu. Bestalde, oso subjektiboa da istorioa, eta bakoitzak bere iritzia dauka gaiaren inguruan.
‘Patria’-k jorratzen duena ez da batere gai erraza, eta antzezteko ere ez da erraza izango. Nola landu zenuen pertsonaia?
Diozun moduan, ez da batere gai erraza, eta ikuspuntu pilo bat daude. Patria-n islatzen dena horietako bat da. Nire ustez, interesgarria da gero eta ikuspuntu gehiago azaleratzea, hitz egiteko aukera izatea, eta, batez ere, elkar entzutea. Patria-ko Arantxa pertsonaiak asko entzuten du, eta rola aprobetxatuz, nik entzuteko ariketa egin dut. Izan ere, nire pertsonaiak ezin du nahi duen guztia gustatuko litzaiokeen moduan adierazi, soilik begirada dauka.