11 koronabirus kasu positibo Donostian
Intzidentzia metatua, atzo bezala, 82,79koa da gaur. Bost osasun-eremutan egin du gora intzidentzia metatuak: Amara-Erdialdean, Bidebietan, Intxaurrondon, Ondarretan eta Grosen.
Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, 11 koronabirus kasu positibo atzeman zituzten Donostian atzo. Horrela, intzidentzia metatua 82,79koa da gaur, atzo bezala: beheranzko joera geratu da. Intzidentzia metatua astelehenean 86,63koa zen, 83,89koa asteartean, eta atzo, gaur bezala, 82,79koa. Otsaila gune gorrian murgilduta hasi zuen Donostiak, eta orain eremu horian dago.
Intzidentzia metatuak proportzio bat neurtzen du; alegia, zenbat pertsona gaixotu diren azkeneko hamalau egunetan zati zenbat pertsona osasuntsu zeuden periodo horren hasieran; ondorioz, birusaren kutsatze abiadura erakusten du. Jaurlaritzaren irizpideen arabera, kopuru hori 500dik gorakoa denean, leku hori gune gorria dela esan nahi du, alegia, kutsatze maila altua dela leku horretan.
Txertaketa prozesuari dagokionez, 80 urtetik gorako pertsonak eta hezkuntzako langileak COVID-19aren aurka txertatzen hasiko dira aste honetan Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban. Gainera, 55 urte baino gutxiagoko pertsonen kasuan, hainbat kolektibo hasiko dira txertatzen aste honetan. Duela bi aste 100 urtetik gorako pertsonek jaso zuten txertoa, eta joan den astean 90 urtetik gorakoekin hasi ziren Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban. Gainera, Osakidetzak espazio handietako txertaketa prozesuari ekin zion aurreko astean, Illunbeko zezen plazan abiatu zuen probaldi fasearekin. Hezkuntza arloko 55 urtetik beherako langileak –irakasleak eta jangeletako langileak– txertatzen ari dira Illunben, Astra Zeneca txertoarekin.
Herrien konfinamendu perimetrala bertan behera uztea erabaki du LABIk, eta atzotik aurrera Araba, Bizkai eta Gipuzkoa artean ibili ahal da. Horrela ere, gainerako neurri murriztaileek indarrean jarraitzen dute. Hala nola, gaueko mugikortasuna –22:00etatik 6:00etara– eta ostalaritzaren itxiera 20:00etan. Horrekin batera, elkartzeak gehienez lau pertsonakoak izan daitezke.
Bestalde, Aste Santuan debekatua egongo da autonomia erkidegoen arteko mugikortasuna. Martxoaren 10ean hartu zuen erabaki hau Espainiako Estatuko Osasun Ministerioak autonomia erkidegoekin batera, eta etxeratze agindua 23:00etara luzatzea ahalbidetu dute.
Intzidentzia osasun eremuka
Bost osasun-eremutan egin du gora intzidentzia metatuak: Amara-Erdialdean, Bidebietan, Intxaurrondon, Ondarretan eta Grosen. Altzan eta Loiolan berdin mantendu da, eta gainerako osasun-eremuetan behera egin du:
· Aiete: 120,33
· Egia: 101,45
· Bidebieta: 97,13
· Altza-Roteta: 86,76
· Ondarreta: 74,41
· Amara-Erdialdea: 73,45
· Parte Zaharra: 72,25
· Amara Berri: 58,46
· Intxaurrondo: 70,10
· Gros: 67,54
· Loiola: 0,00
Kasu positibo kopuruari erreparatuz, jarraian ikus daitezke atzoko datuak:
· Ondarreta: 3
· Gros: 2
· Altza-Roteta: 1
· Amara-Erdialdea: 1
· Intxaurrondo: 1
· Aiete: 1
· Egia: 1
· Bidebieta: 1
· Amara Berri: 0
· Parte Zaharra: 0
· Loiola: 0