Greenpeacek GuraSOS elkartea jasaten ari den presioa salatu du
Erraustegia polemikaz josia abiatu da, eta GuraSOS elkarteak presio eta mehatxuak jasan ditu zabaldu dituen informazioen harira. Greenpeacek mehatxu eta presio horiek salatu ditu, eta GHKren jarrera erraustegiaren aurkako mugimendua “kriminalizatzea” izan dela adierazi du. Bestalde, Zubietako erraustegia “hondakinen kudeaketaren gestio txarra estaltzeko” aitzakia bat dela adierazi dute, eta egoera larritzen ari dela gehitu dute.
Mugimendu hauekin erakunde publikoak, GHK eta Gipuzkoako Foru Aldundia barne, informaziorako eskubidea mugatzen ari dela gehitu du Greenpeace talde ekologistak, eta herritarren osasuna arriskuan jartzen ari direla diote, “gauzak ondo ez egiteagatik”. “GuraSOS elkarteak ustezko irregulartasunak salatzeko eskubidea du, eta kezkagarria da GHK eta gainontzeko erakunde publikoak arduradunak bilatu beharrean GuraSOSen eskubidea mugatzea, ustezko irregulartasunak salatzeko eskubidea hain zuzen ere”.
GuraSOSek egindako salaketak
GuraSOSek hainbat presio eta mehatxu izan ditu bere aurka azken hilabeteetan. Abenduan, erraustegiaren aurkako elkarte honek Zubietako bi labeak “homologatu eta legeztatu gabe” zeudela salatu zuen. Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak informazio hori gezurtatu zuen, baina horren ostean, Arantxa Tapiak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ingurumen aholkulariak, GuraSOSek esandakoa egiatzat jo zuen. Bestalde, GHKren presidenteak, Jose Ignacio Asensiok, “infamiatzat” jo zituen elkartearen salaketak, eta epaitegietara jotzearekin egin zuen mehatxu. Atzera bota zuten erabaki hau, baina kostu judizialak ordaintzeko, elkartearen ondasun guztiak kendu nahi dizkio GHKk, 5.387 euro zehazki.