Kirol Txartelaren abonatu kopuruaren jaitsiera aurreikusitakoa baino txikiagoa izan da
Donostia Kirolak 2020ko memoria aurkeztu du, eta kirola egiteko hiriak gune seguruak dituela dio. Pandemiak eragindako osasun krisiak kirol instalazioak kudeatzeko esfortzu handiagoa eragin duela adierazi dute Martin Ibabe kiroletako zinegotziak eta Leire Landa Donostia Kirolako zuzendariak. Erabiltzaileek zerbitzuen balorazio “oso positiboa” egin dutela azpimarratu dute. Horrez gain, Kirol Txartelaren abonatu kopuruaren jaitsiera aurreikusitakoa baino txikiagoa izan dela esan dute.
Dena dela, COVID-19ak Kirol Txartelaren abonatu kopuruan eragina izan du. 2020ko abenduaren 31ko datuek erakusten dute abonatuen kopurua %6,4 gutxitu dela, eta beraz, Kirol Txartelak 46.241 abonatu ditu. Horietatik %46,5 emakumeak dira, iaz baino puntu bat gehiago. Gainera, 65 urtetik gorako abonatuen kopuruak gora egin du, eta abonatuen %9,7 dira – 2019an %9 ziren –.
Era berean, Donostia Kirolak antolatu dituen hiru kanpainetako jardueretako –UDA, Kirol Ekintzak, Aukeran– parte hartzea gutxitu da (%12). Dena dela, kontuan hartu behar da pandemiaren ondorioz talde txikiagoak osatu behar izan direla. Horiek horrela, ia 30.000 pertsonek (29.677) parte hartu dute antolatu diren ekintzetan.
Instalazioen erabilera
Udal kirol-instalazioen erabilera erdira gutxitu da, eta arrazoi nagusiena da konfinamenduaren ondorioz gertatutako instalazioen itxiera. Era berean, eskola kirolaren zein federatuen kirolaren jardueretan egondako etenaldiak, bai entrenamenduetan, bai lehiaketetan, eragin du instalazioak gutxiago erabiltzea. Hortaz, instalazioetara egondako sarrerak 2019an 3,1 milioitik 2020an 1,5 milioira pasa dira.
Paco Yoldi kiroldegia da gehien erabiltzen jarraitzen den instalazioa 250.000 sarrerekin. Jarraian Benta Berri (187.000), Zuhaizti (135.000), Bidebieta (134.000), Intxaurrondo (133.000) eta Etxadiko (130.000) kirol instalazioak daude.
Kirolaren sustapena eta lehiaketak
2020an kirol proba eta ekitaldi gehienak bertan behera gelditu dira, eta ondorioz, Donostia Kirolak ematen dituen diru laguntzen kopurua %18 gutxitu da. Dena dela, 2020an hamaika kirol ekitaldi egin dira Donostian; besteak beste, Uliako Gimnastikaren krosa, Nazioarteko Igeriketa Txapelketa, Kontxako estropadak edo futboleko Women Champions League-aren finala.
Bestalde, Donostia Kirolak Urrezko Kirol Txartela eman die 21 kirolari indibiduali eta 4 talderi, parte hartu duten estatu mailako zein nazioarteko hainbat txapelketatan izandako emaitzengatik.