Kopako finalera begira, Donostiako balkoiak txuri-urdinez janztera deitu dute
Realaren eta Athleticen arteko Kopako finala (2019/2020 denboraldikoa) iristear da, eta horregatik, Realaren Lagun Taldeak zaleak euren etxeetako balkoi eta leihoak kolore txuri-urdinekin apaintzera deitu dituzte. Horrela, apirilaren 3an, finala jokatzen denean, realzaleen etxeak txuri-urdinez jantzita egotea nahi dute, Sevillako La Cartuja estadioan zalerik egongo ez bada ere, taldea etxetik animatzeko.
“Final bat ez da urtero irabazten eta batera iristea asko kostatzen da, guk ondo dakigu. Belaunaldi askok ez dakite finalera iristea zer den, beste batzuek ezin izango dute dagoeneko ikusi”, azaldu dute. Horregatik, herritar guztiak animatu dituzte apaingarriak jartzera: “Merkatariak, ostalariak, enpresak, udalak eta, batez ere, ikastetxeak giro txuri-urdina sortzera animatzen zaituztegu, hain berezi eta desiratua dugun final berezi honetan ezin izango baikara bertan egon”.