Arima Soul donostiarren 'Gatz berri', zuzenean 'Ahoz aho' saioan

Arima Soul talde donostiarra ETB1 telebista kateko Ahoz aho saioan izan zen ostegunean, iaz argitaratu zuten diskoa aurkezten. Lidia Insausti abeslaria eta Mikel Unzurrunzaga Makala baxu jotzailea elkarrizketatu zituen Ilaski Serrano aurkezleak, eta taldearen sorreraren eta diskoaren inguruan hitz egin zuten, besteak beste.
Ondoren, beste bi taldekideak –Paul San Martin (teklatua) eta Hilario Rodeiro (bateria)– sartu ziren saiora, eta taldeak berak aipatu diskorako sortutako Gatz berri kantua jo zuten zuzenean.
Arima Soul taldea iaz sortu zuten aipatu lau musikariek, apustu argi batekin: Soul musika euskaraz egitea. Hedabide honek Insausti eta Makala elkarrizketatu zituen otsailean, eta taldearen inguruko xehetasunak azaldu zituzten, baita aurrera begira dituzten proiektuei buruz hitz egin ere.