Eskolako patioaren aldaketak
Askotan, grafitiak ikusten dira auzoetan, eta normalean, ezkutuan egoten dira. Gure eskolan betidanik egon dira grafiti ezezagunak, eta oso politak ez zirenez, proiektu bat egitea pentsatu genuen guztion artean. Hona hemen gure proiektuaren prozesua:

1. zatia: Ideia
Hasiera batean, gure eskolako patioan ez zegoen ia ezer. Esateko, kolore griseko pareta handi eta oso itsusi bat grafiti ezezagunez beteta zegoen, parkean txirrista bat eta zabu batzuk, banku batzuk herdoilduta eta bankuen atzeko pareta marrazki itsusiz beteta… Horregatik, pentsatu genuen aldaketa batzuk egitea, hala nola, bankuak eta paretak berriro eta modu politagoan margotzea.
2. zatia: Auzolana
Lehen aipatu dugun moduan, gure patioak aldaketa batzuk behar zituen.
Horretarako, ikasleek irakasleen laguntzarekin bankuak eta atzeko pareta margotu genituen, eta pareta grisa oso itsusia zegoenez, grafitigile batzuk etorri ziren (Nextor eta Aitor) pareta handia margotzera. Gure leloa jarri zuten letra bikoiztuekin: Leihoak Mundura. Horren esanahia da gure eskolan aniztasun handia dagoela, eta hortik dator «leihoak» hitza. Bestalde, gure eskolan pertsona asko ez dira hemengoak, (euskal herritarrak), baina denek dute eskubidea eskolan sartzeko; hortik dator «mundura» hitza. Zuzendaritza taldeak lurrean jolas batzuk eta frontoi txiki bat margotu zituen eta Jokin Altuna pilotaria estreinatzera etorri zen; partida ederra bere arrebaren kontra egin zuena. Bestalde, futbol zelaiko ateak zuriz margotu genituen, eskalatzeko leku bat jarri genuen jolaslekuan, eta abar.
Gure bankua margotu baino lehen, inprimaki zuria bota genion eta egun batzuk itxaron behar izan genituen lehortzeko. Gero, bankua urdinez margotu genuen, plantilla batzuk egin eta bankuan ipinita markatu genituen.
Atzeko paretan esprai bat margotu genuen eta horretatik hitz batzuk ateratzen ziren: «Euskara auzoan eta Herrera bihotzean».
3. zatia: Ospakizuna
Azkenik, merienda handi bat antolatu genuen eta parte-hartzaile guztiak etorri ziren. Gure patioa askoz politago eta koloretsuago gelditu da, zer esanik ez! Txikiek jolasteko gauza gehiago dituzte jolaslekuan. Oso esperientzia dibertigarria eta erabat berezia izan da, ikasleek taldean lan egiten ikasi dutelako.