Intxaurrondo osoa lotzeko autobus linea bat sortzeko eskatu du EAk

Eusko Alkartasunak Intxaurrondoko bizilagunen aspaldiko aldarrikapenetako bat bere egin du, eta Donostiako Udalari auzo osoa lotuko duen autobus linea bat sortzeko eskatu dio. “Gogoratu nahi dugu Intxaurrondo auzo zabala dela eta irisgarritasun arazoak dituela hainbat tokitan; pertsona batzuek arazoak dituzte auzoaren barruan mugitzeko, eta, beraz, autobus zerbitzua abiarazteak bizilagun askoren bizi-kalitatea hobetuko luke”, nabarmendu dute.
Izbe auzo elkarteak denbora asko darama Intxaurbus-aren beharra aldarrikatzen, izan ere, bizilagun askok urruti dituzte garraio publikoaren geltokiak, eta zaila egiten zaie auzoko zerbitzuetara heltzea; anbulatoriora eta kiroldegira, esaterako. Otsailean, udalak Morlansko 46. linearen ibilbidea Intxaurrondoko San Antonio-Montesol zonaraino luzatu zuen, baina auzo elkarteak salatu zuen horrek ez diela auzoaren beharrei erantzuten, inguru horretako bizilagunak hiriko beste gune batzuekin lotzen dituelako, baina ez Intxaurrondoko beste zonekin.